Nola diren gauzak: ez dugu negurik izan, eta orain ez daukagu udaberririk. Eta, tenporei erreparatuz gero (nik sinesten dut tenporetan, zerbaitetan sinetsi behar da eta), uda aldrebes xamarra (des)egokituko omen zaigu, denon izurramendurako. Aldaketa handiak gertatu dira eguraldiaren sehaskan oso epe laburrean. Eta oraindik ez gara ohitu. Norbaitek esan berri du horixe dela gainera Euskal Herrian (Vasconian, Erkidego Autonomoan, Zazpiak Batean, ez nekike zuhur--zuhur zehazten zeri buruz ari zen) azken berrogeitaka urteotan gertatu den aldaketa bakarra. Gutiérrez Aragón zine-zuzendari pottoloak esaten zuen sententzia bera bezain pottoloa. Eta lasai arraio lo egingo zuen gero, seguru. ETA-ri buruz egin du pelikula bat, edo ETA aitzakia harturik behin-tzat. Eta aurkezpenean, aurkezpenak horretarakoxe baitira, esan du hemen denak beldurrez akabatzen bizi garela, ez garela aske pentsatzen duguna esateko, eta guztiok, ETA pare-parean tokatzen zaigunean, beste aldera begiratzen dugula, koldar halakook. Gutiérrez Aragón jaunak txit ongi daki zertaz ari den, hemen bizi ez den arren, informatzaile bikainak baititu, beste aldera begiratzen ez dutenak, jakina. Denek dakite gure koldarkeriaren berri, denek dakite hemen nola bizi garen eta zergatik bizi garen bizi garen bezala, eta denek daukate ahoan epai bat, sententzia bat, infamia ttiki bat guretzako. Kanpotik barrura ederki eta xamurki eta babes ederrarekin ikusten baitira gauzak, are gehiago kamera-txuloaren fikiziotik. Eta ez da komeni errealitatea eta fikzioa nahastea, batik bat gaia hain larria denean. Guk aspaldian utzi genion beste aldera begira-tzeari, jauna, baina zuk nahi duzun pare horretara begiratzera ere ez gaituzu hain erraz makurtuko.