«Txiki-txikitatik maite izan du futbola», dio bere amak. «Lauzpabost urte zituela, hondartzan geunden eta Luis baloiarekin ari zen jolasean. Gizon bat hurreratu zitzaidan eta esan zidan, 'ez dakit zur zer diozun, baina nik haur hau Athleticera eramango dut'». Hamahiru urte besterik ez ditu orain baina argi dauka, futbola asko gusta-tzen bazaio ere, ikasketak lehenagotik daudela. Horrek, eta maila gorenean jokatzeko gogoak eraman zuen Antiguoko taldera.
- Noiz eta non hasi zinen futbolean jokatzen?
- Aurretik Zumaiakon aritu nin-tzen jokatzen; zazpi urte nituenetik. 8-9 urte nituenean Nafarroara joaten hasi nintzen futbolean jokatzera, Lesakara. Foru Aldundiaren aginduz, maila horretako jokalariek ezin baitute konpetizioko txapelketarik jokatu. Lesakan bazegoen jokatzea eta Orioko lagun batzuk deituta joan nin-tzen hara. Orioko talde batekin bi urtez aritu nintzen eta beste urte betez Lesakako batekin.
- Handik Antiguokora egin zenuen salto.
- Bai, pasa den denboraldian hasi nintzen, lehen urteko infantil mailan. Aurten bigarrengo urtea dut taldean. Joatea erabaki nuenean Zumaiako ez zuen maila honetan talderik. Antiguoko taldekoek deitu zidaten eta entrenatzen aritu nintzen beraiekin. Handik pixka batera Errealak ere deitu zuen eta hauekin pare bat txapelketa jokatu nituen. Ekaina heldu zenean bi taldetako bat aukeratu behar nuen eta Antiguokon geratzea erabaki nuen.
- Zergatik aukeratu zenuen Antiguoko?
- Errealean ni baino urtebete zaharragoekin jokatzea eskatu zidaten, eta ez zitzaidan egokia iruditzen. Ez jokatzeko, eserlekuan geratzeko, nahiago nuen nire adinekoekin geratu eta futbolean jolastu. Entrenamenduak ere egokiagoak ziren Antiguokon. Errealean hiru saio egin behar ziren astean eta Antiguokon bi besterik ez. Ikasketa aldetik hobeto etortzen zitzaidan Antiguokoren eskaintza.
- Ondo eramaten al dituzu ikasketak eta entrenamenduak?
- Ongi. Eskola amaitu ondoren joaten naiz Donostiara. Aurreko urtean zortea izan nuen entrenamendu saioak asteazken eta ostiral arratsaldetan zirelako. Egun bat geratzen zen pixka bat kolokan, asteazkenekoa.
- Zein mailatan jokatzen duzu?
- Ohorezko infantil mailako taldean nabil. Gipuzkoan dagoen maila gorenekoa da. Maila honetan jokatzen dudan azken urtea da. Jarraitzen badut, hori da nire asmoa, kadete mailan arituko naiz.
- Zelai erdian jokatzen duzu. Baina, zein da zure ardura zelaian?
- Antolatu baino gehiago, beste taldearen jokoa puskatzea da nire lana. Maila honetan taldeko denek jokatzen dugu; batzuk besteak baino gehiago. Gogotsu aritzen naiz eta taldean minutu gehien joka-tzen duenetakoa naiz.
- Taldean zer giro duzue?
- Oso giro ona izaten dugu, baina badago gauza bat asko gustatzen ez zaidana, eta da gaztelera gehiago erabiltzen dela euskara baino. Baina, bestela oso ondo molda-tzen naiz. Gehienbat Donostiako jokalariez osatzen da taldea, baina badaude beste herrietakoak ere: Urnietakoak, Oiartzungoak, Oreretakoak eta Zumaiako bi, Xabi Landa eta ni. Errealarekin batera, maila txikietako elkarte indartsuenetakoa da Antiguoko.
- Aste Santutan bi txapelketa jokatu zenituzten; bat Errioxan eta bestea Zaragozan. Nola aritu zineten?
- Calahorran egun bakarrekoa zen eta Zaragozakoa hiru jardunalditakoa. Errioxakoa erraz irabazi genuen, baina Zaragozakoan, El Inmortal izenekoak, penaltitan galdu genuen Espanyolen aurka. Oso talde onak jokatzen zuten txapelketa honetan -Osasuna, Zaragoza, Oviedo, eta abar- eta gustura gaude egindakoarekin, nahiz eta penaltitan galtzeak beti ematen du mina.
- Txapelketako jokalari onenaren saria jaso zenuen, ordea. Espero al zenuen?
- Ez nuen espero, ez. Izan ere, maila guztietako -benjamin, alebin, infantil eta kadete- jokalari onena bezala izendatu ninduten. Sorpresa izan zen, jokalari onak eta handiak baitzeuden bertan. Txapelketa ona jokatu nuen eta hori izan zen saria. Jaso dudan lehena izan da gainera.
- Ligan murgilduta zaudete. Nola doa zuen taldea.
- Ondo goaz. Sailkapenean aurrenak goaz eta bat ezik, partida denak irabazi ditugu. Errealari 4-0 emaitzarekin irabazi genion eta hori pozgarria da, suposatzen delako Errealak Gipuzkoako jokalari onenak dituela. Pike hori badugu eta irabaztea beti da ona. Jokalariekin harreman ona dugu, baina zelaian irabaztera atera behar da.
- Maila honetan Zumaiakok ere jolasten du. Lagunen aurka ere arituko zinen.
- Bai, Aita Marin jokatu nuen eta sentsazio onak izan nituen. Gainera, hemen koadrilakoak nituen aurrean eta polita izan zen.
- Maila honetan futbolariek ordezkariak ere izaten dituzte. Zer iruditzen zaizu?
- Jokalari batzuei, Espanyolekoak kasu, bost urteko kontratuak ere eskaini dizkiete. Talde handiak asko mugitzen dira maila hauetan, jokalari gazteen bila. Gurera ez dira oraindik etorri, eta ez dakit etortzea nahi dudan; oraindik gazteegiak gara.
- Errealak berriro ere deitu omen dizu entrenatzera joateko. Zein da zure asmoa?
- Ni oso gustura nago Antiguokon eta nigatik bada bertan jarraituko dut. Kadete mailan ere bi entrenamendu besterik ez ditugu hemen eta argi daukat ikasketak daudela futbola baino lehen. Oraingoz hemen jarraituko dut; aurrera begira nork daki.