USURBIL. DV. Usurbil Kirol Elkarteko jubenil mailako nesken taldeak Kantabriako Muriedas herrira bidaiatu beharko du apirileko azken astebukaeran. Espainiako txapelketako lehen fasea edo zonakako fasea izango dute jokoan herriko neskek apirilaren 25etik 27ra bitartean eta beste hiru talde izango dituzte aurrez aurre txapelketa honetan.
Euskadiko txapelketan 2. postua eskuratu ondoren, Espainiako txapelketa jokatzeko txartela lortu zuten eta oraintsu jakin da non jokatuko duten lehen fase hori eta zeintzuk izango dituzten aurkari. Santandertik gertu dagoen Camargoko herrian izango dira usurbildarrak beste hiru taldeekin lehian.
Kanariar irletan lehen postua eskuratu duen Ro´Casa Remudas, Andaluzian 3. postuan sailkatu den Dos Hermanas Vistazul eta fase hau jokatuko den herriko taldea izango dituzte aurrez aurre, Kantabrian lehen postua eskuratu duen BM Camargo hain zuzen ere.
Kanariar uharteetako taldearen aurka jokatuko dute lehen neurketa ostiralean, larunbatean etxean jokatzen duen Kantabriako taldea izango dute aurrez aurre eta igandean, Andaluziako taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Beraz lehia bizia izango du denboraldi bikaina burutzen ari den jubenil mailako nesken taldeak aurrez aipatutako taldeen aurka. Guztira 24 talde hasiko dira Espainiako txapelketa honetan 4 taldeko sei multzotan banatuta. Multzo bakoitzean lehen postua eskuratzen dutenek izango dute azken fasea jokatzeko aukera. Beraz, herriko taldeak lehen postua eskuratu beharko txapelketa honetan aurrera egin nahi badu behintzat. Hala ere, txapelketa honetan parte hartzera iristea sari garrantzitsua da Usurbil Kirol Elkartearentzat. Nerea Agudok zuzendutako taldea da nesketan behe mailako taldeetan Espainiako txapelketa jokatuko duen lehena. Horrez gain, denboraldi bikaina burutzen ari dira. 2. postuan bukatu dute Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketan eta denboraldian partidarik galdu ez duen Aiala Zarautz da beraien aurretik gelditu dena bi txapelketetan.