IRUN. DV. Emakumezkoen pentsa-eraren ikuspegi desberdinak aurkeztuko ditu bihar Azpeitiko Lakrikun konpainiak Greban gaude antzezlanaren bitartez. Emanaldia, Irun Iruten Euskara Elkarteak eta Euskal Kultur Taldeak altolaturik, 20.00etan hasiko da, EKTren egoitzan.
Aipatutako kontakizunean, hiru garbitzailek grebara joateko erabakia hartuko dute, grebaren zergatia hasiera batean inork argi ez badu ere. Hirurak elkartu egingo dira eta solasari ekingo diote. Antzezlaneko hiru protagonistak oso ezberdinak dira eta ironia handiz maitasunaz, familiaz, sexuaz, ilusioez eta abarrez arituko dira. Hau guztia tonu umoretsuan, dramatismorik gabe.
Telebista munduan eskarmentu handia duten Alaitz Olaizola, Idoia Uranga eta Gurutze Eizmendi aktoreek antzeztuko dute Greban gaude, eta Elena, Aran-txa eta Jaione garbitzaileen azalean barneratuko dira. Garbitzai-leak oso bestelakoak dira beraien artean. Elena, esaterako, xelebrea da, erdaraz maiz aritzen dena. Bere senarrarengandik banatuta dago, eta usadio zaharreko emakumea da, nahiz eta gainontzekoak erabat harrituta uzteko moduko irteerak badituen. Jaione, aitzitik, emakume modernoagoa da. Abokatua da ogibidez, baina abokatuen bulego bat garbitzen egiten du lan. Asko daki teorian, baina gutxi praktikan, eta filosofiarako joera nabarmena du.
Hirugarren garbitzailea, Aran-txa, beti negarrez ari da, oso sentibera baita. Tanatorioa garbitzen egiten du lan, eta ez dauka oso garbi zer nahi duen, ezta zertan datzan bere bizitza ere. Besteen esanetara moldatzen da beti, irizpide handiegirik gabe.
Eguneroko egoerak
Lakrikun taldearen asmoa «ikuslegoa egiten dugunarekin identifikatua sentitzea da. Ikusten dituen egoera desberdin horietan bere burua islatua ikustea». Horretarako, izaera ezberdineko emakume ereduak aurkeztuko dituzte.
Kontakizuna ironiaz beterik dago eta ukitu umoretsua dauka, inolako dramatikotasunik gabe, egunerokotasunean topa ditzakegun egoera gordin nahiz deserosoen kontura barre egiteko helburua baitu. Politikoki zuzena dena eta benetako errealitatea kontrajartzen dira antzezlanean.
Lakrikun antzerki taldea Azpeitiako Ikasberri Ikastolan sortutako konpainia da, baina gaur egun, herriari zabalduta dago. Gaur egun hamar lagunek osatzen dute Lakrikun.