«Uxatu dezagun kaio lumatsu ori itsasoaren gandura. Ez dezaiogun norabidearen mugarik jarri. Eta gutxiago armarik luzatu. Askatasun osoz jarrai beza».
Zarauztar zenbait lagunek esan didate, azkenaldian: «Kaio zaar auei buruz ez al dek ezer idatzi bear? Sekula orrelako kuxidaderik kaioekin!»
Egia da, bai: azken urte auetan kaio pillak ikusten ditugula gure gaiñean, zabortegia dala-eta. Akordatuak izango dira oiek ere, noski. Tontotik ez baitute ezer. Jan billa etorriko dira. Gizakiok alderdiren batzuk nolabait badauzkagula adierazten digute kaioek.
Ara, lagunok. Nik kaioa betidanik txori maitatu bat izan det. Bertso sorta bat ere jarri nuen 2002an kaioari buruz. Baita leiaketa batean irugarren saritxo bat jaso ere. Beraz, kaioen aurka ezin det itz egin.
Nere lantxo auetan ez det iñoiz bertso sortarik idatzi. Bertso bakarren bat, bai. Au idatzien tartea bait da, eta ez legoke ondo. Baiña nere lagunei erantzunez eta, baimenik banu, salbuespen bezela, kaioaren bertso sorta uraxe jarri nai nuke tartekatuz, Ikusten duzu goizean doiñuaz kanta-tzeko.
Eskailburuko leioa
zabaltzera naiz igoa,
ikus zaitzadan, kaioa.
Emendik dizut begiraldia
baita ere adioa.
Kantuz ez zera iaioa,
nolabaiteko txioa,
itsasertzean jaioa.
Kantari aula izan arren, eta egalari mantsoa, ez du esan nai denean mantsoa danik eta aula. Bere mokoaren kaskatekoa bizia da, batez ere arrantzan dabillenean.
Aula dezu, bai, mintzoa,
naiz egin aalegintxoa,
txori lumatsu zintzoa.
Baiña arraiak arrapatzeko
daukazun moko gantxoa!
Arrantzatik arrantxoa,
sardina edo antxoa.
Ta egalari mantsoa.
Gure arraldeetako txori jauna. Itsas olatuen zipriztiñen berri dakiena. Ortik mantentzen bait da geienbat, gizakion ondakiñen zalea bada ere.
Beti arraldez arralde
zabiltza goiz-arratsalde,
bein etorri ta bein alde.
Inongo itsasbazter guztiak
zure aukerara daude.
Bertan mantentzen zerade,
iñori gaitz egin gabe.
Polita zera, bestalde.
Arroketako kosketan kokolotuta ere ikusi oi degu. Esan ere bai: "zertan ago or?". Ondo daki noiz atera eta noiz gorde. Gaiñera, badaki noiz ibili taldean eta noiz bakarrik.
Itsasoa laiño ezez
itsu baldin bada goizez,
ez zera azaltzen, ez, ez.
Arri-zuloren batean zaude
gordeta bere babesez,
ez beldurti edo otzez,
bai lozorroan ta pozez
gozatzen ur-apar otsez.
Arraldeetako eta itsas gaiñeko ikus-ibillaldiak eginda naiko janaria bildu ez badu, portuetan ikusiko degu. Arrantzaleak ontziarekin porturatzen diranean, badakigu zein duten leenengo bezeroa.
Oskarbitzen badu gero
aterako zera bero;
astindu ere bi ego.
Itsasaldetik joan-etorria
egingo dezu leenengo,
bazterrik bazter urrengo
bazoaz ipar ta ego
portuetako bezero.
Aize-eguraldi goxoarekin, ez du arrantzarako presarik. Goiko odei txikietan ikusiko degu egazkiñarena egiten. Inbidia emango ez dizu, ba!
Itsasoa bare bada,
zein jolasti zauden, ara!,
igota odeietara.
Ego mearrak zabal ta geldi
egazkiñaren erara,
goian zabiltz pirin-para,
aizea nora zu ara,
zeru azpiko festara.
Portu guztietan kaioren bat plisti-plasta ikusten oituak gaude. Eta ez bada ageri, "nora joan ote da gure parrokianoa?". Zerbaiten falta ere iruditzen zaigu dagoela.
Goata antzeko luma
itxia eta leuna
da zuk daramakizuna.
Bazter askotan zabiltza baiña
guztiz egazti txukuna.
Arrantzaleen laguna,
zergatik zoaz urruna,
portuko kaio kuttuna?
Arrokaren baten gaiñean eguzkia artuz, ederki zaindu oi du arrantzan dabillen txalupa bakartia. Adi egongo da, ea zerbaitez baliatu ote daitekeen.
Arroka politenean
eguzkitan zaudenean
giro ederra danean,
Pedro Joxeren txalupa zaarra
ere itsas urdinean,
joanda bere gaiñean
jartzen zera geienean
arrantzan dabillenean.
Iñoiz ikusi izan da aitonaren bat plisti-plasta txaluparekin uretan eta kaoia txaluparen atzeko puntan tente. Argazkia ateratakoak ere badira. Nork ez du amestuko orrelako une bat?
An zaude lasai askorik
mugitu gabe egorik,
burua tente jasorik.
Gizonarengan ere badezu
une konfiantzazkorik.
Naiz badan jende iaiorik,
nork lortu orrelakorik,
argazki politagorik?
Erriko arrantzaleen itsasontzi guztiak portuan daudenean, eta kolore guztietakoak, eta kaio txurixka gaiñean biraka, nori ez zaigu gustatzen itsas atari ari begira egotea?
Bai txalupa, bai bapore,
gorri, urdin, berde, more,
al dakit zenbat kolore!
Kaio txurixka jira-biraka
kresal-usaia zapore.
Begiraleen oore,
portua zeiñen dotore,
itsas atariko lore.
Uxatu dezagun, bada, kaio lumatsu ori itsasoaren gandura. Ez dezaiogun norabidearen mu-garik jarri. Eta gutxiago armarik luzatu. Askatasun osoz jarrai beza gure auzo zabal orretan.
Zurea da itsasoa,
gazia bezain gozoa,
arralde denen auzoa.
An ez daukazu eiztaririk,
pakea oso-osoa,
egaleku airosoa,
itsas brisaren lausoa.
Zoaz, bai, kaio gaixoa.
Eskailburuko leioetatik zenbat ikus daitekeen! Maizago begiratu bear genuke. Zerbaitegatik da eskailburua. Eskailburu guztiak dute beren egonlekua. Ar dezagun, ba, atseden eskailburuetan.
Gaurko bertso-jarioa
nuen gustuko saioa.
Gaiak zeukan balioa.
Eskailburutik begiratzeak
zekarren ondorioa.
Ta jaso dedan giroa
zuri esker zan, kaioa.
Ixtera noa leioa.
Kaioen norabideen neurriak artzea baiño gizakion inguruneak txukunago edukitzeko neurriak artuko bagenitu, obeto genuke.