Gaurko nere artikulu au Bergarari eskeñi nai nioke borondate onez. Nik len banituen lagun ixtimatuak Bergaran eta San Prudentzion ere bai, ta aietaz sarritan goatzen naiz, bertsozale purrukatuak ziralako, baiña ori bakarrik ez det motibotzat artzen.
Soldadu lagunak ditut mintzagai eta beraiek sekulan aztuko zaizkidanik ez det uste, burua sano dedan bitartean. Lagunak elkar ezagutzeko oso ona da soldadutza eta ango ibillera txarrak gaur oraindik gogoan dauzkat, eta nerekin batera serbitu zutenak ere gogoan eukiko dituzte nik bezelaxe, bizirik irauten badute.
Nik ez det entzun aietako iñor il danik eta bizi diralakoan nago, baiña aiek ere nik aiña urte badituzte eta zartuta gaudela esan nai du orrek. Len sasoi ona bagenduen ere, ura joan zitzaigun betiko, eta orain siñixten degu len siñixten ez genduena, eta alere kontentu ankan gañean kalez kale gabiltzalako.
Ondo geran artean ez gera konpormatzen daukagunarekin, eta ortxe nastutzen da gure etorkizuna bereziki. Nik sarritan galdetzen diot nere buruari: «Zer nai dek daukaken baiño geiago, Manuel, mundu ontan larogei urte pasata ago ta?» Ori egi borobilla izan arren, konpormatzea beste upeleko sagardoa dela pentsatzen det nik, eta izketarako gaia aldatuko det albixte illun batekin.
Zoritxarrez, gure lagun bat il berria da Bergaran. Jexux Alberdi nik asko maite nuen gizon ona zan eta oso umilla. 77 urte omen zituen berak. Pena eman zidan arren, ez neukan ezer egiterik, baiña gaurko nere atal au irakurtzen badute, samin agurra bialdu nai diet Jexuxen andreari eta pamili osoari, sentimentuan lagun ditudala agertzeko.
Jexux, bere izatez, lagun zale aparta zan nere ustez. Gizon atsegiña ezin geiago. Beti alai ta umore onez kantatzen zituen bertsoak. Aots gozoa eta eztarri garbia izanik, erreztasuna nabaitzen nion nik nerekin egiten zituen bertso saioetan, baiña nerekin baiño geiago ibilia zan Azpeitiko iru bertsolari oiekin.
Jexux Alberdik Bergara inguruko zoko denak bazekizkien, eta berarekin zebillenak ez zuen pausorik galduko. Olakoxea zan Egileor bertsolaria, aintzat artzeko modukoa. Elusun urtero egin oi zuten ganadu peria len; orain ez dakit, baiña an katurik ere ez zan izango Egileor bertsolaria ezagutzen ez zuenik. Penagarria bada ere, mundu ontan ez degu geiago ikusiko. Goiko zeruan elkartzen bagaitu Jainkoak, ez gera asarre jarriko.
Atal bat amaitu eta bestea asi, denborarik galdu gabe, ondo edo gaizki. Aurtengo otsailla oso legorra izan dala badakigu guk eta beste geientxoenak ere jakingo dute, baserritarrak batez ere. Aize baldarra indartsu bezin trebe ibilia da neurriz kanpora eta martxoko ill ontan ere egoak agintzen duela dirudi bere lenengo egunetan.
Jende askok euria eskatu arren, egoaizea lan txarrak egiten ari da, ta orrek pruitu onik ez du ekarriko, orain bezela baldin badabil beintzat. Baiña noiz edo noiz iritxiko al dira gure gustoko egun euritsu eta epel goxoak. Ez degu animorik galdu bear edozin uskerirekin.
Oraindik oraintsu Orion gizon batek galdetu zidan:
- I, Manuel, ik sekulan ezagutu al dek aurten aiñako leorterik?
- Leorteak len ere izaten ituan, baiña aurtengo au gogorra dek- erantzun nion. Nik ainbat bider esan det, otsaillean ari dek udaberriko giroak egiten eta gero ikusiko diagu martxoa nola portatzen dan.
Galera aundiak izango diran albixteak iritxi zaizkigu gure belarrietara, baiña eutsi dezaiogun gure itxaropen sendoari, negua martxoaren ogei ta batgarrenean amaituko da ta. Badakigu ori beti dala arrixkutsua, baiña aurtengo partean jo ditu jo bearrekoak eta obea litzake geratuta balego; pakea emango luke berak uste baiño alde geiagotan. Dana dan bezela esan dezagun alere, ez da geiegi izango ta. Oraingo ontan oillarrak kukurruku itxasaldean jo du, eta kukua ere laster asiko zaigu kantari.
Urtero bere garai jakiñean etortzen danez, aurten ere ez du utsegin naiko, ta gu, berriz, entzuteko zai gaude bere aots goxoa. Kukua ez da egazti aundia bere izatez, baiña oso indartsua bai, ordea, eta goizean goiz asten da berak dakizkien kantu politak kantatzen, eta guretzat atsegingarri izan oi dira bere alegin denak; beraz guk ere maitasuna eskeiñi bear diogu, berak guri eskeintzen digun bezela, eta agur guztioi!