USURBIL. DV. Aste Santuko atsedenaldia ez zitzaien batere ondo etorri Usurbil Futbol Taldeko kideei. Lau taldeek euren neurketak galdu zituzten eta guztien artean puntu bakar bat lortzeko gai ez ziren izan.
1. Errejional mailako taldeak 3 eta 1 galdu zuenm igande goizean Urnietan bertako taldearen aurka jokatutako neurketa. Bigarren zatian markagailuan aurretik jartzea lortu bazuten ere, urnietarrek neurketari buelta ematea lortu zuten eta punturik gabe itzuli ziren etxera usurbildarrak.
Lehen zatian ez zen golik izan. Bi taldeek ezin izan zuten gol aukera garbirik sortu. Zelai erdiko jokoa zen nagusi eta herriko taldeak baloia zertxobait eduki bazuen ere, urnietarren atezaina estuasunean jartzea ez zuten lortu.
Bigarren zatian, ordea, indartsuago irten zen zelaira Usurbil Futbol Taldea eta erritmo handiagoa jarriz markagailuan aurretik jarri zen Oinatz Iparragirrek kontraeraso polit batean sartutako golari esker. Bazirudien 3 puntuak Usurbila bidean egon zitezkeela, baina ez zen hala izan. Urnietarrak arriskatzen hasi ziren eta ondo atera zitzaien, Kkorner jaurtiketa batean etorri zen berdinketaren gola eta penalti bidez jarri ziren aurretik etxekoak. Ondoren, herriko taldea izan zen aurrera egin zuena eta berdinketa lortzeko bi gol aukera garbi izan bazituzten ere, partida amaitzear zela sartu zuen urnietak 3 eta 1ekoa.
Honenbestez 4. postura gerturatzeko aukera ezin hobea galdu zuen igandean Iker Dorronsorok zuzendutako taldeak eta sailkapeneko 10. postuan kokatu dago orain 32 punturekin.
Beste taldeei dagokionez, 2. Errejional mailako taldeak 4 eta 1 galdu zuen igande arratsaldean Donostiako Herrera futbol zelaian Axular Lugaritz taldearen aurka jokatutako neurketa Emakumezkoen taldeak, berriz, gol bakar batez galdu zuen Luberri taldearen aurka. Multzoko liderraren bisita jaso zuten Haranen eta ezustea ematekotan izan ziren. Azkenean 0-1 galdu zuten. 1. kadete mailako taldeari dagokionez, 1-6 galdu zuten Idiazabalen aurka.