EIBAR. DV. Ignacio Zuloaga Institutoak aurrera darama bere elkartrukeen programa eta datorren larunbatean Alemaniatik etorriko diren ikasle talde bat jasoko du. Bisita hau Eibarko ikasleek Alemaniara egindako bidaiaren buelta da eta horri esker, astebetea emango dute gure artean.
Elkartruke hau Ignacio Zuloaga Institutuko elkartruke programaren barruan egokitu da. Dagoeneko badira 14 urte atzerriko ikastetxeekin esperientziak antolatzen direla. Aurreko urteetan Ingalaterrako St. Wilfrid ikastetxearekin eta Danimarkako Allerod Gymnasium-arekin egindako elkartrukeak alderdi pedagogikotik zein ikasleen arteko harreman pertsonaletatik ikusita oso arrakastatsuak izan ziren. Horregatik, jarraipena eman zaio elkartrukeari, aurten Alemaniako Balingen Gymnasium izeneko ikastetxearekin. Aurretik, Eibarko ikasleek Balingen-era joan ziren, martxoaren 3tik 9ra. Guztira, Institutoko 2. Bachillergoko 31 ikasle eta 2 irakasle Alemaniako iparraldera bidaiatu ziren.
Alemanian emandako egonaldiak esperientzia bikoitza opa zien ikasleei. Alde batetik, klaseak eduki zuten Balingen Gymnasium ikastetxean, ingeles, arte eta historiako gaietan. Bestalde, aisialdiko ekitaldiak egiteko aukera izan zuten. Besteak beste, Mercedes autoen museoa, Constanza aintzira eta Tubingen hiri unibertsitarioa bisitatzeko aukera izan zuten ikasleek.
Bizikidetza eta ezagupena
Elkartruke hau Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza du eta horretarako bi ikastetxeak adostutako lan egitasmo bat aurrera eraman behar dute. Bi ideia nagusi daude egitasmo honetan. Bata, bizikidetzari buruzko hausnarketa egitea da eta bestea, tokian tokiko historia eta ekonomia ezagutzea da. Puntu honen barruan, euskararen egoera soziolinguistikoa toki garrantzitsua hartzen du.
Horretarako, ostatua familien etxeetan izango da Eibarren, Alemanian egin zen bezala. Ikasle alemaniarrak datorren larunbatean ailegatuko dira Eibarrera. Ignacio Zuloaga Institutoan egingo zaie lehenengo harrera, eguerdi aldera, ikasleek etxean prestaturiko lunch baten bidez.
Asteburua pasa eta gero, ikasle alemaniarrak beraien klaseak hasiko dituzte Institutoan, euskararen jatorria eta egoera aztertuz. Institutoko ikasleak izango dira maisu, ingelesez emango diren klaseetan. Hurrengo egunetan, hainbat ekitaldi egiteko aukera izango dute. Guggenheim museoa, Txillida Leku eta Eibarko Armagintzaren Museoa bisitatuko dute bataz beste. Azken egunean, Institutoko frontoian horma-irudi bat margotuko dute elkartruke honen sentsatzioak islada dezaten.