ZEGAMA. DV. Tobera musika eskolako akordeoi, saxofoi, klarinete eta txistu ikasleen entzunaldi bateratua izango da gaur Zegamako kultur etxeko Oria aretoan, areto handienean alegia. Entzunaldi hau aurretik piano ikasleekin edo trikitixa-panderokoekin egindakoen segida da, eta arratsaldeko 18:30ean hasiko da. Zegamako akordeoi eta txistu ikasleez gain, Segurako saxofoijole eta klarinetejoleek hartuko dute parte, zegamarrek ere musika-tresna hauek gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten.
Bestetik, 20:30ean, txalaparta ikastaroari buruzko bilera deitu da. Ordu horretan joan beharko dute Zegamako Aitxuri Herri Eskolara txalaparta ikastaroan aritzeko interesa dutenek, eta eskolako zuzendariarekin eta ikastaroko irakaslearekin batera denen gustuko ordutegia finkatuko dute eta helburuen gainean hitz egingo dute.
Azken asteotan, gainera, herrietako ekintzak bultzatzen ibili da buru-belarri Tobera musika eskola: Segurako lore eta landareen udaberriko azoka dela, Segurako Egunkariaren aldeko jaialdia dela, edo Zegamako erlezainen eguna dela. Aurrera begira, maiatzean, urteko ekintzarik berezienetako bat iritsiko da: elkartrukea. Badira zenbait hilabete Toberak aurten zein musika eskolarekin aritu zehaztu zuela, eta Tolosako 'Gorosabel' musika eskola izango da. Hala, maiatzaren 20an Zegamara etorriko dira Tolosakoak, eta astebete beranduago, 27an, Tolosara joango dira Toberakoak. Egitarau berezia ari dira prestatzen dagoeneko herriko musika ikasleak.