Joan den astean iritsi zen kukua Jaizkibelera, eta kontu politak ekarri dizkit. Arsenalekin borrokan dabil Liverpool futbol-taldea Txapeldunen Ligako finalerdietara nor igaroko. Hilaren bian bana egin baitzuten, gaur ikusiko da nor aterako den garaile. Trazak badirudi gure Xabi Alonsoren ekipoa aterako dela. Askoren ustez, gainera, final aurreratua omen da datorren partida hori: horko irabazlea, Europako Txapeldun.
1981ean Real Madrilen kontra atera zen Liverpool Europan nagusi, Parisen 1 eta 0 irabazita. Urte berean ezkondu zen Ingalaterrako Karlos Printzea Diana Spencer damarekin. Eta urte hartantxe Aita Santuak, Juan Pablo II.ak, atentatua izan zuen, Ali Agcak tiro eginda. 2005.ean ere Liverpool fortunatu zen Europako Txapeldun, Milani, hiruna berdindu ondoren, penaltitara irabazita, Istanbulen. Urte horretan ezkondu zen bigarrenez Ingalaterrako Karlos Printzea Camilla Parker Bowles-ekin. Eta, hara nola diren gauzak, urte hartantxe hil ez zen bada Aita Santua, Juan Pablo II.a, apirilaren hiruan!? 2008ko honetan, berriz, berriz ere Liverpool Europako Txapeldun ateratzeko aukera handiak daude; aste honetan ikusiko dugu lehen pausua, eta maia-tzean aurki, finala Moskun jokatuko denean, azken partida erabakigarria. Bestalde, eta Ingalaterrako Karlos Printze azeri zaharrari dagokionean, hotsak bala-bala omen dabiltza Londres aldean (kuku etorri berriak kanta-kontatu didanez), dama gazte berri baten atzetik ote dabilen, di-dau! hirugarrenez ezkon-tzekotan, aurten.
Beraz, kontuak hala badira (eta trazak halaxe ematen du), Aita Santua, Benedikto XVI.a, arrisku bizian dagoke inozentementean. Ez zaitezte kabroiak izan eta pasaiozue abisua!