Saltar Menú de navegación
Hemeroteca |
RSS | ed. impresa | Regístrate | 22 agosto 2008

Cultura

ASTELEHENEKO HITZORDUA | KEPA LOUBET, ARGAZKILARIA
«Ni joaten nintzen tokietara ez zen beste argazkilaririk joaten»

Cerrar Envía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

Nombre Email remitente
Para Email destinatario
Borrar    Enviar

Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

Nombre* Email*
* campo obligatorioBorrar    Enviar
«Ni joaten nintzen tokietara ez zen beste argazkilaririk joaten»
1970eko hamarkadan oso ohikoa zen prentsako argazkien azpian sinadura hau ikustea: «Loubet». Abizen frantses hori daukan argazkilaria Kepa Loubet dugu. Donostiako Urbieta kalean jaioa, han bizi da orain ere, 64 urterekin erretiroa hartuta eta bere artxibo zabala baino zabalagoa ordenatzen eta digitalizatzen. Batez ere bertso eta herri-kiroleko argazkigintzan izan zen espezialista eta bai bateko eta bai besteko bildumak dokumentu historiko oso interesgarriak dira gaur egun.
- Kontatu zure argazkigintza- -hasiera hura.
- Erregeek ekarri zidaten lehenbiziko kamera. Bakelitazkoa zen. Eta argazkigintzan, serio, Zeruko Argia-n hasi nintzen. Izango dira igual berrogei urte.
- Nolatan hasi zinen euskal aldizkari hartan?
- Xabier Zalduaren bidez. Gero Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari izan zen. Erakutsi zidan non zegoen Zeruko Argia. Garai hartan nahiko ezkutuan baitzegoen. Gero bestelako prentsan hasi nintzen: Unidad-en, La Voz de España, El Diario Vasco, Deia, Egin... Beti kolaboratzaile moduan. Sekula ez naiz egon soldatapean. Publikatutako argazki bakoitzeko horrenbeste, eta kitto.
- Prentsako tarifak eskaxak ziren orduan, eta orain ez askoz hobeak.
- Bai, benetan eskaxak, garai hartan behintzat. Ni Iñaki Perurenaren atzetik joan igual Bizkairaino, lau argazki bidaltzen nituen prentsara eta ateratzen zituzten bi. Bien artean seiehun pezeta ateratzen nituen. Eta handik zortzi egunera ateratzen zituzten beste biak, baina haietan jartzen zuten «Foto Archivo» eta ez nituen kobratzen. Lantegi honekin galdu egin dut dirua; hala ere, nik banekien hori lehenbiziko egunetik.
- Zein zen zure ogibidea?
- Manterola y Cía zuen izena enpresak. Han ari nintzen lanean, delineante. Instalazio elektrikoak egiten genituen, Iberduerorentzat. Hamalau urte nituela hasi nintzen ni delineante, baina beste toki batean, Carlos Casla arkitektuarentzat. Gero, soldaduskatik itzulitakoan hasi nintzen Manterolarenean.
- Zure argazkigintza oso lotua dago euskal giro jakin batzuetara: bertso-girora, herri kirol-girora...
- Euskadiko Sei Orduak sortu zirenean, jaialdi hartarako Iñaki Perurena ekarri zuten. Ni hari argazki asko egina nintzen. Berak ez ninduen ezagutzen. Esan nion nor nintzen eta berak: «Mekaguen!» Oso lagun handiak egin ginen eta jarraitzen dugu adiskide izaten.
- Zergatik hasi zinen gai horiek lantzen, bertsoa, herri kirola eta abar?
- Zalea nintzelako. Esango dizut gauza bat: ni joaten nintzen tokietara, askotan ez zen beste argazkilaririk joaten. Prentsan bazekiten, baldin bazegoen zerbait Tolosan edo Azpeitiko zezen-plazan, ni joango nintzela; hortaz, ez zuten inor bidaltzen.
- Ikusi duzun ikuskizunik harrigarriena?
- Enbor handi haiek. Kanakoak edo handiagoak, eta aizkolaria han goian, hura mozten! Adibidez, behin Aian. Uste dut Mendizabal izan zela. Pertsona baino altuagoak ziren tronko haiek.
- Eta bertso inguruko kontu asko izango dituzu kontatzeko.
- Xalbador hil zen egun hura ez zait ahaztuko. 1976an izan zen. Omenaldia egin behar zioten eta abiatu nintzen Donostiatik. Kotxe--ilara handiak zeuden eta berandu iritsi nintzen. Badakizu jaialdia hasi eta gaixotu egin zela gizona eta etxera eraman zutela. Ni ailegatu nintzenean hura ez zegoen areto hartan. Baditut beste bertsolarien argazkiak, harenik ez. Esan zidaten hila zela. Joan nintzen bere etxera, egon nintzen zain, gorputza jantzi arte, eta orduan argazkiak egin nizkion. Zeruko Argia-ko Mikel Atxaga kazetariak esan zidan: «Pedro Mari, bihar goizean argazkiak sin falta!».
- Erreparorik eman zizun argazki hura ateratzeak?
- Ez ez zidan eman, ez erreparorik ez beldurrik. Pena bai, ordea. Pena handi bat sentitu nuen. Bera bertsolari handia zen-eta.
- Esadazu zure argazki kuttunen bat.
- Hauxe. 1981ekoa da, Mattini omenaldi egin zioten egunekoa. Lazkao Txiki eta bera agertzen dira. Egun horretan, gogoan daukat berak eta Lazkao Txikik senar-emazteena egin zutela; bera senarra, Lazkao Txiki emaztea, eta halako batean Lazkao Txikik esan zion: «Zuk gogorra, bakarrik bastoia». Beste argazki kuttun bat Basarrirena da; agertzen da enbor baten gainean eserita, pipa erretzen. Tolosako zezen-plazan zen; badakizu gizon hori askotan joaten zela herri-kirol saioetara, gero kronikak egiteko. Eta orain erakutsiko dizudan argazki-sorta hau ere polita da: 1981eko bertso-saioa da eta bertsotarako gaia objektu batzuk ziren; Lazkao Txikiri bi banderilla eman zizkioten eta haren bertso baten bukaera gogoan daukat: «Honek esan nahiko zuen zezena naizela». Lasarteri, horrelako gizon serioa izanda, gurutze bat eman zioten; oso fuertea iruditu zitzaidan.
- Basarriren argazki hura egiteko unean bazenekien, noski, argazki berezi askoa egiten ari zinela.
- Bai. Han ez zegoen beste argazkilaririk. Izango dira hogeita hamar urte, gutxienez.
- Bideo-kamerarekin ere ibiltzen zinen.
- Adibidez, bertso-saioetan. Iruditu zitzaidan han, irudia ez ezik, soinua ere jaso behar zela, noski, eta halaxe hasi nintzen. Bideo-zinta horiek Bertsozale Elkarteari saldu nizkion. Etorri zen Mikel Mendizabal, Iparraldeko gizon altu batekin, eta lehenengo zinta ikusi orduko material oso interesgarria iruditu zitzaien.
- Eta gero, Euskal Telebista sortu zenean, han hasi zinen lanean.
- Bai, zorte handia izan nuen. Ez pentsa, berrogei urte nituen eta beste lagun guztiak askoz gazteagoak ziren. Beldur piska bat baneukan, igual ingelesaren ezagutza eskatuko zutela. Hasi nintzen kameralari. Handik bi urtera argiztatzaile hasi nintzen, Goenkalen-eta. Goenkalen urte pila egin nuen. Zineman «argazki-zuzendaria» esaten zaio egiteko horri, eta telebistan «argiztatzaile». Jendeak ez daki zer den, uste dute pasilloetako fluoreszenteak aldatzen ibiliko nintzela. Behin Lazkao Txikik ikusi ninduen ETBko pasillo batean eta esan zidan: «Kaixo, zu hemen zera ibiliko zera, fotografo». Lazkao Txikirekin gauza tamalgarria gertatu zitzaidan: esan nion gustura egingo nukeela berarekin bideo bat, gauza batzuk esaten eta bertso kantatzen. Esan zidan ahoa konpontzen ari zela eta itxoiteko piska bat. Atzeratu zen dena eta azkenean gizona hil.
- Sekula izan zenuen arazorik edo sustorik argazki-kamerarekin edota errebelatzeko garaian?
- Ez, inoiz ez. Neuk errebelatzen nituen argazkiak, etxean, eta banekien nola egin. Denborarekin negatibo batzuk horitu egin dira. Normala da. badakizu, prentsarako lan egitean beti korrika zabiltza eta batzuetan ez diozu likido fijatzaileari behar duen denbora uzten.
- Argazkilariak sarri kexatzen zarete zuen lana ez delako behar adina errespetatzen.
- Bai, inoiz gertatu zait nire argazkiak ikustea liburu batean, nik horren berri batere ez nekiela. Eta izan zen kirolari bat bere jatetxerako argazki handi bat eskatu zidana, eta gero ordaindu ez. Horrelakoak asko.
Opina

* campos obligatorios
Listado de comentarios

Comparte esta noticia

¿Qué es esto?

Vocento
SarenetRSS