Futbola handia da. Handiegia. Beldur naiz berriz ere ez ote dudan erabili beharko akainaren metafora. Gogoratzen? Bai, odol gehiegi edaten duenean akaina lehertu egiten dela. Hori printzipio unibertsala da, eta futbolarentzat ere balio du. Hain zuzen, ezagutzen dut jendea futbola edo futbol-negozioa urrunegira joan dela, eta ez duela ezer jakin nahi esaten hasi dena, nahiz eta, oraindik denbora asko ez dela, futbolzale amorratuak zirela aitortu.
Futbola da kirolaren zenita, gailurra, eta frustraziorik sentituenak ere hor gertatzen dira. Ronaldinho eta Eto'o gutxi ateratzen da; bidean gelditzen dira gehienak, ahalegin handiak eginda ere. Ez da hemengo haurrena bakarrik, baizik eta Afrikako haur askoren ametsa ere egunen batean Real Madriden, Bartzelonan, Chelsean, Liverpoolen. jokatzea, diru asko irabazteko, eta eurak eta beren familiak pobreaziatik aldentzeko. Afrikako ume asko horretan sarturik dabil buru-belarri, futbolaren esklabo bihurturik.
Ghanan eta Costa de Marfilen ehundaka futbol-akademia sortzen ari da. Badira familiak, duten apurra saldurik, hirira datozenak, umeak akademia horietan matrikulatzeko. Ghanako hiriburuan (Accra) bakarrik 500 eskolatik gora daude, denak ilegalak. Bertako entrenatzaileek eta bitartekari europear eta arabiarrek bereganatzen dituzte jokalaririk onenak, aurrekontratuen bidez, egunen batean mutiko horien kontura dirutza handiak eskuratzeko intentzioarekin. Negozioa ziurtatua dute, beti aterako baita esportatzeko modukoren bat. Bidean geratzen den gehiengoak zer etorkizun dauka? Europa aldera jotzea, baina pateran.