segura. DV. Segurako hamahirugarren Iparra-Hegoa jaia martxan da eta asteburuan izango dira ekitaldi nagusiak. Aurtengo gaia, ekitaldi guztiei nolabaiteko batasuna emango diena, Itsasoa izango da.
Jakina denez, Iparralderen eta Hegoaldearen arteko harremana hobetzea eta sendotzea du helduru ekimen honek. Gaur haurren eguna izango da, herri eskolan. Bertako haurrek Baionako Hiriondo eta Oihana ikastoletatik etorritako umeekin egingo dute jolas. Eta Txan magoaren saioa ikusteko aukera izango dute baita ere. Txokolate janaren ondoren, iluntzean kale animazioa izango da, Dangiliske fanfarre taldearekin, eta gero -gaueko 11etan hasita- Milshake eta Zpeiz taldeen musika-saioa. Lehenengo hori Idiazabalgo pop-rock lehiaketa irabazitakoa da.
Bihar, berriz, Euskal Herri osoko mus txapelketako finala jokatuko da, arratsaldeko 4retan, Elorri elkartean. Seiehun bikotetik gora izan dira parte hartu dutenak, eta finala herrialde bakoitzeko bina bikoteen artean (irabazlea eta irabazle ordea), jokatuko da bihar. Arrantzaleen jokoak ezagutzeko aukera ere izango da bihar, bazkalondoan. Eta arraun lehiaketa ikusteko parada ere izango da, Ondarroako arraun elkarteko la-gun batzuk ariko direlarik. Iluntzean, taloak eta sardina erreak es-kainiko dituzte, eta ardo dastatzea ere izango da, txarangek alaiturik. Iñazki lapurtar taldearen dantzaldiarekin amaituko da eguna.
Igandea azken eguna izango da, eta egun printzipala. Goizean gisadu prestaketa lehiaketa egongo da eta era askotako animazioak: Hazparneko joaldunak, Baigorriko gaiteroak eta Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldekoak. Azkeneko hauek itsas giroko dan-tza zenbait eskainiko dutelarik.
Txakolin dastaketaren ostean, eguerdiko 2etan izango da ekitaldirik sinbolikoena: gereziondoa landatzearena. Aurten, egikizun horretarako, Beatriz Elizalde aukeratu dute, itsas ontzi bateko pa-troia. Gero, festari bukaera emateko, herri bazkaria egingo da.