AZPEITIA. DV. Azpeitia Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, UEMAn egongo da bihartik aurrera. Udal gobernuko kideek eta euskararen alde lanean diharduten beste hainbat ordezkarik prentsaurrekoan adierazi dutenez.
Bihar, larunbata, erabakiko da ezohiko udalbatzan Azpeitia UEMAn atxekitzea.
Arantxa Isart Euskara batzordeburuak esan bezala, «Azpeitian azkeneko urteotan asko egin da euskararen alde. Orain dela urte batzuk baino egoera hobean gaudela ezin dezakegu ukatu». Hala ere, oraindik asko dagoela egiteko dio batzordeburuak. «Euskara hizkuntza normalizatua izango bada, konpromisoak hartzeko bide horretan jarraitu behar dugu».
Bihar hartuko den erabakiaren garrantzia azpimarratu du bai udal gobernuak eta baita euskararen inguruan lanean ari den hainbat jendek ere. «Gaur egun 50 herrik osatzen dute UEMA, eta ezin uka Azpeitia mankomunitatean sartzeak bultzada handia eman diezaiokeela egitasmoari», azaldu zuen Isartek.
UEMAko kide izateak Azpeitiarentzat ere onurak ekarriko dituela esan zuen Euskara saileko buruak. «Mankomunitatearen helburu nagusia erdarek betetzen dituen funtzio guztiak euskararentzat eskuratzea da, gaztelania eta frantsesa beharrezkoak ez izatea normaltasun osoz bizi ahal izateko eta Azpeitian ere, hainbat arlotan, gabezia handiak ditugu oraindik: komunikabideen kontsumoa, enpresa mundua...».
Udalbatza bihar
Bihar, goizeko 10etan hasita, egingo da ezohiko udalbatza udaletxeko pleno aretoan. Udal gobernuko kideek azpeitiar guztiak gonbidatu nahi dituzte udalbatza honetara. Honen ostean, Lizaso eta Uranga bertsolariekin eta Itsasi Euskal Kultur taldeko kideen dantzekin jaialdia egingo da udaletxeko arkupetan. Bagerako pintxoak ipiniko dira herritarrentzat.