URRETXU. DV. Datorren apirilaren 13, Ostadar Mendi Taldeak Lapurdiko kostaldean, zehazki Bidartetik, Donibane Lohizuneko badiaren muturrean kokatzen den Zokoaraino egingo den ibilaldi erraz bat antolatu du. Lapurdiko itsasertzean egindako ibilaldia izango da eta bertako parajeak ezagutzeko aukera emango du. Inguruko hondartzak bisitatu dira horietariko batzuk ere zapalduko dituzte ibilaldian parte hartzen dutenek.
Aldapa urriko ibilaldia izango da (mendi tontor bat ere ez da bisitatuko) eta basoa eta hondartza bisitatzeaz gain, ingurune urbanoa ere bisitatuko da (Bidarte eta Getariako gune urbanoetatik ibiliko dira, eta Donibane Lohizune alde batetik bestera zeharkatu dute), eta azkenik Donibaneko Badia zeharkatuz, ibilaldia Zokoan -eta bertako gotorlekuan- amaituko dute.
Guztira 16.4 kilometro luzera duen ibilaldi laburra da, Littoral izeneko ekimenaren barruan dagoena. Littoral izeneko ekimen hau 2005eko ekainaren 19an sortu zen, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak Bidartetik Hendaiaraino xendra kateatu zuenean. Ibilbidean itsasaldeko zenbait gairi buruzko panelak daude, hala nola, bale-arrantzaleak, bakailaoa, emigrazioa, euskal kortsarioak, olatua, ezaugarri geologikoak Bidartetik Zokoaraino dauden panel guztiak ikusiko dituzte.
Irteera goizeko 7:30ean izango da, Zumarragako Parrokiatik, beti bezala. Izena eman nahi duen mendizaleak astearte, ostegun eta ostiralean 20:00etatik 21:00etara Ostadar Mendi Taldearen egoitzara joan daiteke (Zumarragako Kultur Etxean) edo telefonora deitu, 943723385 zenbakira izena ematearren (erantzungailu automatikoan utzi izena eta kontaktua). Bertan ere emango da argibide gehiago.