OIARTZUN. DV. Iraganako aste amaieran jokatutako bederatzi partiduekin bukatzen da Euskal Herriko IV. Pala txapelketa irekiko lehen fasea eta orain kanporaketa zuzenak jokatuko dira. Beraz, irabazten duen bikoteak aurrera egingo du eta galtzaileak berriz, kalera joango dira.
Aste bukaera honetan jokatutako partiduei dagokionean ez da egon sorpresarik eta aurreikusten ziren emaitzak eman ziren. Jokoari dagokionez, bost partidu aipatzeko, lehen biak larunbatean jokatutakoak eta beste hiruak igandean. Larunbatekoei dagokionez, batean, Hita eta Zumetak partidu luze eta orekatua jokatu ondoren, 25-23 irabazi zioten Etxeberria eta Ormaetxea errenteriar bikoteari eta bi bikoteak pasako dira hurrengo kanporaketara, biek aurreko partidua irabazi zutelako.
Beste partiduan, berriz, Sarasti I eta Roteta I oiartzuarrek 16- 25 galdu zuten Iribar eta Arozena aurka eta txapelketatik kanpo gelditzen dira. Hala ere, esan behar da, oiartzuar bikoteak maila txukuna erakutsi duela txapelketan zehar eta larunbatean Añorgako bikotearen aurka galdu arren ongi aritu dira.
Igandean jokatutakoei dagokionez, berriz, batean, Etor eta Asier lezoar bikoteak partidu ona jokatu ondoren 25-13 irabazi zioten Iruñako Rodriguez eta Murillo bikoteari baina ez dira sailkatu hurrengo kanporaketarako aurreko partidua tanto askoren diferentziarekin galdu egin zutelako. Sailkatu dena beste oiartzuar bat da, hain zuzen Arkaitz Argote, honek Arruti Usurbildarrarekin 25 eta 16 irabazi ziotelako Alonso eta Arruabarrena hondarribiar bikoteari partidu ona jokatu ondoren.
Bikote ona osatzen dute biak eta finalera iristeko faboritoen artean daude. Aipatzeko gelditzen den partiduan, Galdos anaiak partidu orekatu eta luze baten ondoren 25-22 irabazi zioten Iriazabal - Lekuonari eta hurrengo fasera pasatu dira.
Beraz, lehen fasea bukatu da eta aste bukaera honetan kanporaketa fasea hasiko da.