DONOSTIA.DV. Bihar hasiko da Topaguneak antolatzen duen Film Laburren Zirkuitua. Bosgarren aldia du aurtengoa eta hamar film eskainiko dira 38 herritan. Lehenengo emanaldiak, bihar, Usurbil eta Lasarte-Orian izango dira, Noaua! eta Ttakun elkarteek antolatuta. Aurten aurrerapauso nabarmena eman du euskara elkarteak biltzen dituen erakunde honek: bost film eskaintzetik hamar eskaintzera pasa baita.
Hamar film labur horietatik, erdiak baino gehiago egile hasiberriek eginak dira. Eta hiru, Topagunearen beraren ikus-entzunezkoen rallyetan garaile gertatutakoak. Hiru urtez egin da rallya eta hiru ediziootako emaitza onenak eskainiko dira. Egun bakar batean burututako hiru minutuko filmak dira horiek.
Zirkuituaren bosgarren urte honetan autore berrien aldeko apustua egin du Topaguneak. Badira tartean beteranoak -Koldo Almandoz eta Iñigo Kintana-, baina hasiberriak gehiago dira: Gen-tzane Agirre, Mikel Alvarez, Asier Mendoza eta Logela Multimedia.
Bestalde, toki egin zaie formato berriei; hor dago, adibidez, Logela Multimediaren Ardauaren negarra bideokreazioa.
Koldo Almandozi dagokionez, oraingoan haren Columba Palumbus ikusi ahal izango da. Eta Iñigo Kintanaren Itzalak ere eskainiko da. Biak ala biak iaz egindako film laburrak dira.
Atzoko aurkezpenean, Almandozek esan zuen horrelako zirkuitua «oso garrantzitsua dela» film laburren egileentzat, «askotan, errazagoa baita Frantziara edo Australiara ateratzea, hemen gure lana erakustea baino». Eta gaineratu zuen zinearen formato klasikoa hausten ari dela eta zirkuitu honetan ere nabaritzen dela bestelako ikus-entzunezko emaitzen presentzia gero eta handiagoa.
Gentzane Agirre zinegile getxoztarrak, berriz, hau esan zue: «Horrelako plataforma oso ona da gu bezalako hasiberrientzat».
Topagunearen izenean, Manuel Morenok honela jardun zuen atzokoan: «Film Laburren Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta osatzen duten euskara elkarteek aukera ematen dute euskarazko film laburren produkzioa ezagutarazteko, eta, bide batez, herrietako kultur eskaintza aberasteko ekarpena ere egiten dute. Emanaldi kopuruak argi erakusten duenez (38 izango dira Euskal Herri osoan), ekimenak oso harrera ona izaten du. Egileei dagokienez ere, Film Laburren Zirkuitua paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko».