LASARTE-ORIA. DV. Haurren irudimenak ez du mugarik. Ezta beraien harritzeko gaitasunak ere. Hori kontuan izanik, Markeliñe antzerki taldeak musika, kolore eta magiaz beteriko ikuskizuna prestatu zuen pasa den asteburuan Lasarte-Oriako txikienek goza zezaten. Txitxarra eta inurria, Jean de la Fontaine idazlearen istorio ezaguna jarri zuten taula gainean Amorebietako antzezle dibertigarri hauek.
Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan elkartu ziren laurogei lagun inguruk ederki pasa zuten aurrean zuten emozioz beteriko interpretazioari begira. Hitzak baino, keinua, imintzioak, mimika azken batean, eta baita musika eta argi jokuak ere, izan ziren larunbat arratsaldeko protagonista. Nahikoa izan zitzaien era horretan kontaturiko istorioa beren besaulkietan pertsonaiei so, hunkiturik, egon ziren txikiei.
Istorio ezaguna
Txitxarra eta Inurria-ren kondaira ezaguna da oso. Denok dugu gogoan nola esaten ziguten txikitan zein garrantzitsua den aurreztea, biharko gordetzea, etorkizunean beharrik bada, zertatik bizi eduki dezagun, gure lasaitasunaren mesedetan.
Bi rol sozial aurkako kontrajartzen ditu Txitxarra eta Inurriak. Batetik, lan eta lan besterik ez dakien inurriarena, uda osoa ale bilketan igarotzen duena, neguan zehar zer jan eta bero-bero non bizi edukitzeko. Baina era berean, bizitza aspergarria du inurriak, mugimendu guztiz mekanizatuz dabil beti, ez daki erlaxatzen eta bizitzako gauza politenez gozatzen.
Azken honetan txitxarra izango da, ordea, maisu. Honek eguzkitan etzanda, musika entzunez eta marakak eskuan dituela dantzan pasatzen ditu udako egun epelak. Inurriei iseka egingo die, baita bere bizimoduaren eta baloreen onurak erakutsi ere. Inurriei kosta egingo zaie beraien bizimodu guztiz antolatutik ateratzea, baina pixkanaka bizitzak opa dizkigun detaile txikiez gozatzen ikasiko dute txitxarrari esker, neurri batean behintzat.
Neguan, ordea, txitxarra damu da lehen zuhurragoa ez izanaz, eta elur malutak goian-behean, gose eta hotz da, inurriak beraien etxe bero eta atseginean dirauten bitartean.
Gorputzaren mugimenduak, aurpegiaren espresibitateak eta musikak, argiek eta beste efektuek eskainitako baliabideei esker, Itziar Fragua, Ana Martínez eta Paco Revuelta aktoreek, argi utzi zuten publiko gaztetxoaren aurrean, momentu guztiak direla garrantzitsu bizitzan. Ez dela beti alferkerian aritu behar eta lanaren esfortzuak bere etekina izaten duela, baina era berean, lagun artean jolasean ibiltzea, edertasuna mirestea eta espiritua eta bihotza elikatzea ezinbesteko direla. Hots, orekan dagoela koska.