usurbil. DV.Etxetresnek gustukoago dute jazza jotzea sinfonia baino izenburua daukan idazlanak irabazi du CAF-Elhuyar zien-tzia-dibulgazioko lehen saria, artikuluen atalean. Egileak, Aitor Urbieta Artetxe debarrak, etxe adimenduei buruzko lana egin du. Eta dibulgazioko liburua idazteko 5.000 euroko beka, berriz, Javier Navarro Los Arcos kimikari iruindarrak aurkeztutako Fisika eta metafisika proiektuari eman zaio.
Atzo banatu ziren CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazioko hamalaugarren sariak, Elhuyar Fundazioak Usurbilen duen egoitzan. Guztira 23 artikulu aurkeztu dira eta dibulgazioko liburua idazteko hiru proiektu. Epaimahaian jardun den Koldo Nuñez IMHko zuzendariak esan zuenez, medikuntzari buruzko lanak gehiengo izan dira aurtengoan, arlo horretako 11 artikulu eta bi liburu-proiektu aurkeztu baitira.
Artikuluei dagokienez, bigarren saria Jon Azkargorta algortarraren Ilargiaren alde ezkutua lanarentzat izan da. Lurraren eta ilargiaren arteko harremanez dihardu hor. Hirugarren saria, berriz, Lide Aristegi beasaindarraren Egur hila, erreka bizia-rentzat izan da, eta gazteentzako sari berezia, Ordenagailu bidezko diagnosia: ordenagailuak mediku?-rentzat, Xabier Artaetxeberria Artiedak egina. Apirileko Elhuyar aldizkarian emango dira argitara idazlanok guztiok.
Bestalde, orain dela bi urte liburu-proiektuetako beka irabazitako Begoña Arrate Larrañagaren lana argitaratu egin du Elhuyarrek eta atzoko ekitaldira azaldu zirenek hura jaso zuten opari moduan. Biziaren sarea ehuntzen du izenburu eta Begoña Arratek sareen teoria erabili du natura aztertzeko.
Sari ematen Elhuyarreko Jose Mª Rodriguez Ibabe eta CAFeko Joxe Begiristain jardun ziren.