LEGAZPI. DV. Euskara Biziberri-tzeko Plan Nagusiak kirolarekin bat egingo du aurrerantzean. Legazpin dauden 15 kirol elkarteetan dabiltzan haur eta gaztetxo mordoa ikusirik, alor horretan hizkuntzaren erabilera bultzatzea izango da erronka berria. «Haurrek euskara aisialdiarekin identifikatzea nahi dugu», diote Inma Urzelai eta Anuntxi Andueza udal teknikariek.
Horretarako ekintza programa zehatza ipini du abian Udaleko Euskara Zerbitzuak. Lehenengo pausoa herriko elkarteekin bilera egitea izan da: «oso harrera ona izan dute denek», diote Inma eta Anuntxik.
Orain taldeek nola funtzionatzen duten ezagutzeko datu bilketa egiten ari dira eta jasotakoa aztertu ondoren, bakoitzari euskararen erabilera sustatzeko proposamen pertsonalizatua egingo diote. «Elkarte bakoitzak ezaugarri desberdinak ditu eta horien arabera egingo dugu lan. Futbol talde batean adibidez, zuzendaritza, jokalariak eta entrenatzailea hartuko genituzke kontuan. Zuzendaritzari esaterako, idatzizko oharrak bi hizkuntzetan behintzat egitea proposatuko genioke. Entrenatzaile eta jokalariei berriz, biak euskaldunak badira, entrenamenduak euskaraz izatea», azaltzen dute Euskara Zerbitzutik.
«Hala ere kontuan izan behar dugu entrenatzaileak borondatezkoak direla eta ezin diegula sekulako eskaera egin», azaltzen dute teknikariek.
Kiroldegiko ikastaroak
Kiroldegiak eskaintzen dituen ikastaroetan ere (yoga, gimnasia, aerobika...) martxan ipiniko dute ekimena. Saio hauetan jende helduagoak parte hartzen du baina teknikariek azaltzen dutenez, «ezin diegu kirol elkarteei ahalegina eskatu udalak berak egiten ez badu».
Hortaz, kirol patronatoaren bidez eskaintzen diren zerbitzuetan datu bilketa egingo dute datozen hilabeteetan, ondoren beren ekintza programari egokitutako proposamen zehatza luzatzeko.