Xabier Etxaniz Erlek (Oñati, 1961) Literatura eta ideologia liburua plazaratu du Utriusque Vasconiae argitaletxearen bidez. Euskarazko haur eta gazte literaturaren ikerketa da bere espezialitatea, genero horren historia-liburua ere osatu zuelarik. Orain zazpi urte EHUko Gasteizko Magisterio Eskolako dekano izendatu zuten.
- Hitz egin dezagun egungo gatazka politikoaz. Idazleek diote orain askatasun gehiagoz idazten ari direla, duela hogei urte baino.
- Badago kontatzeko beharra, baina konbentzituta nago oraindik oso barneratuta daukagula guztia eta distantzia apur bat falta zaigula. Orain ari naiz 36ko Gerra Zibilaz lan bat egin nahian eta ikusi dut gai horretaz, umeentzat, oso liburu gutxi dagoela, hiru edo lau, besterik ez. Eta ez dira egiten, nik uste, oraindik ere 36ko Gerra Zibilarekin jarraitzen dugulako. Harekin lotzen da oraingo gatazka eta ez dago lasai-lasai hitz egiterik.
- Hala ere, nik uste ETAren gaia dexente ukitzen ari dela azken urteotan.
- Bai, adibidez, 2004ko Euskadi sarirako finalistak, denak ziren gai hori ukitzen zutenak. Iaz Jokin Muñozek Antzararen bidea atera zuen, gerra zibilaz eta etakide baten heriotzaz diharduena. Egon da halako behar bat horretaz hitz egiteko. Uste dut orain askatasun gehiagoz konta daitezkeela gauzak, baina hala eta guztiz ere oraindik zerbait falta zaigu. Baina atzo bertan hamalau atxiloketa egon ziren. Uste dut bahitzen gaituztela epaile, politikari eta pistoleroek eta ez digutela erabakirik hartzen uzten. Ez dago girorik.
- Sintomatikoa da: oraingo gatazkaren gaia ez da umorez ukitu. Beharbada salbuespen bakarra Joxean Sagastizabal da.
- Bai, hark Gerturik daukagu odola idatzi zuen, Kutsidazu-ren ondoren, eta barre egiten du Rh-az, kale borrokaz...Telebistako Vaya semanita gogorarazten dit; honek arrakasta eduki du jakin izan duelako gure gatazkari barre egiten.
- Mikel Hernandez Abaituaren 'Ohe bat ozeanoaren erdian' nobelak atentzioa eman dizu.
- Hatxezetak liburu hori idatzi zuenean, nik uste dut horko gauza asko ETAko buruzagi bati esaten zizkiola, beste garai batean bere laguna izandako bati, Mikel Antzari. Biluztu egin da publiko guztiaren aurrean.
- Esana duzu hemen literatur kritikak oso ideologizatuta daudela.
- Liburuaren aurkezpenekoan egin zidaten galdera bati erantzutean esan nuen zerbait. Baina ez da horrela, ez dut uste hain ideologizatuta daudenik. Gertatzen dena hor liburu batzuk egin direla batzuen ohorez, eta horrelako helburuekin egindako lan horiek ez direla oso onak literaturaren aldetik. Gero eztabaidak sortu direnean, adibidez A las ocho en el Bule-ren inguruan edo Euskadi Sarien inguruan, nik uste dut eztabaida horien oinarrian beste zerbait dagoela: nola ulertu kultura, nola ulertu Euskal Herria.
- Alegia, ez da eztabaidatzen liburuez, baizik eta kontu askoz orokorrago batzuetaz.
- Bai, Euskadi Sarien zauria ez da oraindik itxi, ez delako hitz egin lasai eta luze.
- Aurkezpen egunean, baita ere, esan zenuen Xabier Silveirak huts egin zuela 'A las ocho en el Bule' gaztelaniaz idatzita.
- Hizkuntz hautua egin zuenean, erabaki zuen erdaldunentzat idaztea, baina gero lan hori euskaldunek irakurri dute. Erdaldunei, igual, beste gauza batzuk kontatu behar zaizkie. Uste dut Silveiraren liburua ez dela koherentea; egiten du Euskal Herriaren independiantziaren aldeko aldarrikapena eta aldi berean «errepresoreen hizkuntzan» dago. Hala ere, herri honetan eskatzen zaigu %100 koherente izatea eta hori ezin da jasan.
- Urteen poderioz joan da arintzen literaturak eskolarekiko daukan menpekotasun hori?
- Oraindik menpekotasun handia dago. Irakaskuntzan ari den jendea -eta ni ere hor nabil- desorientatuta dago. Ez dakigu zer egin irakurzaletasuna areago-tzeko. Gero eta konplikatuagoa da, jendea gero eta alperrago baitator. Gero eta esfortzu gutxiago eska-tzen zaio jendeari gizarte honetan, eta azkenean jendeak telebista aurrean bukatzen du.
- Estereotipo sexistak gutxitzen joan dira?
- Oraindik asko daude. Ikusten bada haur eta gazte literaturan nolako lanbideak agertzen diren edota erreparatzen badiozu protagonista nagusiak zenbateraino diren neskak edo mutilak... Azterketa batzuk egin dira, Teresa Colomerrek egin zuen bat, adibidez, eta guk antzeko beste bat egin genuen, 1994ko euskal liburuei buruz. Botere-lanpostu guztiak -alkatea, eskola-zuzendaria...- denak gizonezkoak ziren. Zuk nahi duzu ipuin batean mediku bat jarri eta, inkontzienteki, gizonezkoa jartzen duzu, baina errealitatean, Osakidetzan, mediku asko emakumeak dira. Gizartea aldatzen ari da eta hori literaturan ez da islatzen. Gure liburuetan ez dira agertzen beste herrialdeetako pertsonak.
- Badira salbuespen batzuk: Patxi Zubizarreta, adibidez.
- Bai, badira idazle batzuk alde horretatik oso kontzienteki jokatu dutenak. Baina nire alabaren gelan badaude neska-mutiko ba-tzuk beltzak direnak, eta zuk har-tzen badituzu gure haurrentzako ipuinak, hango ilustrazioetan ez da kanpoko umerik agertzen.
- Zure liburuaren ondorioetako bat da irakurleak jarrera kritikoa eduki behar duela.
- Irakurleak, saiakera bat irakurtzen duenean, edota albisteren bat, ematen du edukitzen duela halako jarrera kritiko bat: ados nago, ez nago ados, edo horrelako zerbait. Aldiz, batzuek pentsatzen dute literatur obretan ez dagoela ideologiarik, ez dela trasmititzen balorerik; atseginerako besterik ez direla liburu horiek. Ez da horrela, eta kontuz ibili behar gara.
- Zera diozu liburuan: eskerrak Walt Disneyren filmak ez duten euskaraz jartzen uzten.
- Liburuak baditugu euskaraz, baina Walt Disneyk ez du baimentzen bere filmak euskaratzea. Kontua da pelikula horietan mezu asko trasmititzen dela, eta behintzat horretaz libratzen ari gara.
- Zer oker egiten ditu Walt Disney faktoriak?
- Hartu izan ditu ipuin tradizionalak eta moldatu american way of life horretara. Arrakastarik izango baduzu, aberastu behar zara. Nahiko arrazistak dira, Aladin eta Mulan filmetan ikus daitekeenez. Mulan Txinan girotuta dago eta onek oso Mendebaldeko itxura zeukaten, gure itxura; gaiztoak, berriz, oso hangoak ziren.