DONOSTIA. DV. Euskal Herriko Unibertsitateak hizkuntzalaritza alorreko bi proiektu handi jarri ditu abian: Egungo Euskararen Hiztegia eta Sareko Euskal Gramatika. Biak ala biak Interneti begira diseinaturiko proiektuak dira eta gramatika berriak Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren dirulaguntza zabala dauka: 320.000 euro, hiru urtetan gastatu beharrekoak.
Egitasmoa guztiz berritzailea da, euskaraz ez ezik, munduko beste hizkuntzetan ere ez baitago holako proiekturik, atzoko aurkezpenean arduradunek adierazi zutenez. EHUko Euskara Institutuak koordinatuko ditu lanak eta hiru lagun hauek jardungo dira zuzendari moduan, hirurak unibertsitate horretako katedradunak: Pello Salaburu, Ibon Sarasola eta Patxi Goenaga. Sei urte barru lan guztiak burutzea espero dute.
Sareko Euskal Gramatikak hizkuntzaren entziklopedia bat izan nahi du, atzokoan Patxi Goenagak esan zuenez. Batetik alor klasikoak landuko ditu: fonetika/fonologia, morfologia eta sintaxia, adibidez. Baina horrekin batera hain ohikoak ez diren gaiak ere agertuko dira bertan: lexikografia, hizkuntzaren historia, hizkuntzaren jabekuntza, hizkun-tzaren prozesamendua, euskararen egoera soziologikoa, erabilera datuak, eta abar.
Deskripzioa maila desberdinetan egingo da: batetik, oinarrizko azalpenak, erraz ulertzeko modukoak; bestetik, azalpen teoriko sakonak (hauek artikulu gisa joango dira, edozein hizkuntzatan). Gaiak aurkezteko, testuak erabiliko dira batez ere, baina horrekin batera grabazioak, mapak, argazkiak eta bideoak ere bai. Goenagak behin eta berriz esan zuen itxura atsegina izango duela gramatika berriak.
Egileei dagokienez, 30 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte. Ikertzaileak unibertsitate askotakoak izango dira.
Gramatika honek Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren dirulaguntza lortu du, 320.000 euro hiru urtetan zehar gastatu beharrekoak. Laguntza handia da, deialdi horretako laguntzen %9a, hain zuzen ere. Asmoa da, etorkizunean, eta Ministerioko iradokizuna kontuan izanik, gaztelaniaz ere jartzea; eta ondoren baita ingelesez eta frantsesez ere. Gramatika osatzeko lanak datorren hilean hasiko dira.
Hiztegia, ikusgai jadanik
Beste proiektuak, Egungo Euskararen Hiztegiak, berriz, aurrekari bat dauka, oso ezaguna: Internet bidez makina bat erabiltzaile izan duen Ereduzko Prosa Gaur corpusa (www.ehu.es/euskara-orria/euskara/ereduzkoa/).
Ereduzko Prosa Gaur corpus horrek 25,1 milioi hitz bildu ditu eta gehiago ez da haziko. Horietatik, 13,1 milioi hitz, gaur egungo egile aukeratu batzuen literatur liburuetatik jasoak dira; eta 12 milioi, Berria eta Herria-tik hartuak. «Ez da corpus estatistikoa. Gainera ez dut sinesten horrelako corpusetan, bakarrik balio baitigute erakusteko jendeak zein gaizki idazten duen», esan zuen Ibon Sarasola koordinatzaileak atzoko aurkezpenean.
Gramatika ez bezala, hiztegi hau hasita dago jadanik eta dagoeneko lagin nahiko zabal bat kon-tsulta daiteke Interneten. Alegia, F, G eta H letrarekin hasten diren hitzak ikusgai daude jadanik. Ez dute A letratik hasi nahi izan, hain zuzen ere atal luzeenetakoa eta zaileenetakoa delako.
Hitz bakoitzaren esanahia eta erabilera agertuko ditu hiztegi berriak. Adibideak oso ugari dira; esate baterako, F-G-H zatian 80.000 erabilera-adibide biltzen dira, 12.000 sarrera, azpi-sarrera eta adieratan bantuak.
Unibertsitatean hurrengo ikastaroa hasten denerako I-J-K atala osatu nahi luke Sarasolak.
Ez omen da hiztegi arauemailea izango, «hori Euskaltzaindiari dagokiolako, baina neutroa ere ez», gaineratu zuen Sarasolak.
Unibertsitateko erretoreak, Juan Ignacio Perezek, esan zuen ekimen hauek «guztiz bat datozela EHUren helburuekin. Helburu garrantzitsuenetako bat euskal kulturaren garapena da, eta proiektu hauek asko laguntzen dute horretan».