
- Urte osoan edo urtetan izaten ez dugun itzala harrapatzen dugu horrelakoei esker; areagotu egiten da bertsolaritzak gizartearen aurrean duen presentzia; astindualdi bat ematen dio; bolada batean jende gehiago joaten da saioetara... Baina txapelketek ere sortzen dute multzo berean aparretik hainbeste eta likidotik beste zati bat, eta aparra interesatzen da likido bihurtzen den neurrian. Aparraren azpian gelditzen den likidoa da inportatea, eta aparra gero eta handiagoa eta likidoa gero eta proportzio txikiagoan badaukagu serio pentsatu beharko dugu. Bertsolaritzaren kirolizazioa edo futbolizazioa, hooligan eta guzti, interesantea da bere horretan, baina azkenean lortu behar dugu hooligan hutsak direnak aparretik likidora pasatzea.
- Arrakastak itsutzeko arriskua badago, beraz.
- Txapelketek ematen digun astindualdia beharrezkoa dugu, baina ez ametsetan bizitzeko, baizik eta pausoz pauso ibiltzeko. Gure helburua urtean 1.500-2.000 plaza egitea da, eta gure dinamikari jarraitzea plazetan, bertso eskoletan, irakaskuntzan... Eta uste dut lortzen dugula.
- Zer aldatu da gehien azken urteotan bertsolaritzan?
- Gehiena bertsolaria bera, jatorriz, ikuspegiz, hizkuntzaren erabileran, iturrietan... Bertsolariak, ordea, oso kontuan izan behar du gizartearen eta entzulearen erritmoan ibili behar duela, ezin duela bidean bakarrik aurrera egin. Joan daiteke inguruaren aurretik, baina ez distantzia handira. Entzuleari identifikatuta dauzkan saioak zaizkio gustagarri, eta horiek aurkitzen ez baditu belaunaldien arteko etena etor daiteke. Aldaketak, dena den, behar dira eta izan dira. Hor daude bertso tramak, bertso trikia, bertsoa komikigintzarekin edo antzerkiarekin lotzen duten saioak... Bertsolariak prest egon behar du horrelako aldaketak egiteko, baina gai ere izan behar du. Armazoi ona behar da esperimentuak egiteko.
- Belaunaldien arteko etena aipatu duzu. Adin bateko entzuleak bertsolaritzatik urruntzen ari direlako edo?
- Bertsolarien artean gaztetze prozesu azkarra eman da, eta gazteak gaztea erakartzen du, baina nik ez dut uste gaztetze horrek adin tarte batekoak atzeratu dituenik. Gauza bat dira txapelketak eta beste bat saioak. Eginda dauzkagun ikerketen arabera, txapelketetako finaletara joaten diren denak ez dira gero hurbiltzen herrian edo eskualdean dituzten saioetara. Urtean egiten diren 1.500-2.000 saio horiek ez dute zerikusirik txapelketekin, ezta publikoari dagokionez ere.
- Bertsolari asko ere nahiko isilik zabiltzate azken urteotan.
- Baliteke zortziko txikian bizi-bizi aritzea gustuko duenak formatu berriekin gusturik ez izatea eta bertsolaritzatik aldentzea, baina konsagraturen batzuk ezkutatu badira ere asko ibiltzen dira saioak egiten. Esate baterako, Sebastian Lizaso, Sorozabal, Peña, Joxe Agirre bera... Gero, plazan ibiltzeko behar dituzu jendea erakarriko duten ezaugarri propioak. Badira entzulea beti harritzen duten bertsolari esplosibo gutxi batzuk, baina beste batzuk daukagu beti tonu eta esparru jakin bat, eta nahiko jakina izango balitz bezala gelditzen da urteetan zehar. Horrez gain, epe bat egin duzu, eta zeuk jorratzen zenuen esparrua jorratzeko gazteagoak sortu dira, eta hobeto egiten dute gainera.
- Publikoak gero eta gehiago eskatzen omen du. Aparteko presioa ezartzen dio horrek bertsolariari?
- Ni bezalako bertsolariari bai, baina txapelketetan-eta dabiltzan bertsolariak ez ditu presionatzen, motibatu egiten ditu.
- Publikoaren jarrera ere aldaketa nagusien artean jarri duzu.
- Askoren ahotan dabil hori. Orain ikusten da joan-etorri gehiagoren premia duela jendeak. Garai batean ez zegoen horrelakorik, ez zen ikusten pankartarik... Hala ere, errespetatzen da bertsolaritzaren liturgia moduko hori. Gutxien dakienak ere badaki zer suposatzen duen bertso bat egiteak eta kantatzeak, badaki bertsolariak isiltasuna behar duela kontzentratzeko, eta errespetatu egiten du.
- Aldaketa giro horretan, zein dira Bertsozale Elkartearen lehentasun eta asmoak?
- Transmisioa da lehentasuna, batez ere hezkuntza arautuaren inguruan dugun plana, hortik irtengo baitira etorkizuneko bertsozale, bertsolari, epaile, gai jartzailea eta bertsolaritzaren alde borondatezko lana egingo dutenak. Momentu honetan buru-belarri gabiltzan proiektua Mintzola da. Villabonan kokatutako eraikinak, batetik, egoitza eta lan baldintza duinak ekarriko dizkigu, baina bertsolaritzari begirako proiektu zabalagoa ere bada, ahozkotasunaren esparruan integratua. Horren bidez bertsolaritzak gizarteari, euskarari eta euskal munduari egiten dion ekarpena nabarmendu nahiko genuke.





