
600 eserleku baino gehiago ditu Maria eta Jose ikastetxeko aretoa handiak eta ezustekorik ez bada, erabat beteko da. Sarrerak aldez aurretik jarri ziren salgai turismo bulegoan eta Zumaiako Udaleko kultura sailetik aditzera eman denez, lehen egunetan 300 sarrera saldu ziren.
Ostiral goizean 500 ziren saldutako txartelak eta salgai zeuden ehun inguruak saio beraren atarian saltzeko gorde ziren.
Ikusleen erantzunak hasieran jarritako aurreikuspen guztiak hautsi baditu, jaialdiak izango duen parte-hartzeak ezusteko handiagoak eman ditu. Izenak emateko epea amaitzear zegoenean, bederatzi ziren izena eman zuten taldeak. Epea amaitu zenean, kopurua 21 taldetara igo zen. Guztira, 8 eta 15 urte bitarteko 125 gaztetxo inguru igoko dira gaurkoan ikastetxeko oholtza gainera.
Disney etxearen produktu arrakastatsuan oinarrituko da jaialdi hau. Pelikula bat eta pare bat disko atera dira marka honen inguruan eta haietan oinarritutako koreografiak dantzatuko dituzte gaztetxoek.
Irabazleak Marijo Zubiak, Luisi Gomezek eta Pili Etxabek osatutako epaimahaiak erabaki beharko du. Irabazleen artean High School Musicaleko pelikulak, liburuak, dvd jolasak eta abar banatuko dira. Bertara-tzen direnen artean, berriz, sari bat zozketatuko da: Donostiako Victoria Eugenian martxoak 15ean High School Musical saioa ikustera joateko bi sarrera.
Parte hartu behar duten taldeei arratsaldeko 4:30ak aldean aretora agertzea eskatzen zaie, jaialdia antolatzeko eta entsegu ba-tzuk egin ditzaten.





