USURBIL
Espainiako txapelketako Iparraldeko sektorean herriko judokak
Urtarrilaren 13an jokatuko da Aragoi, Nafarroa, Errioxa eta Euskadiko judoken arteko txapelketa Iruñean
08.01.08 -
USURBIL. DV. Usurbil Judo Taldeko hainbat judoka Espainiako txapelketara joan ahal izateko jokatatzen den Iparraldeko sektorean izango dira datorren urtarrilaren 13an. Senior mailako judokak izango dira bertan parte hartuko dutenak eta Iruñeako Mendilorri kiroldegian dute hitzordua.
Euskadiko txapelketan lehen bi postuak eskuratzen dituztenek lortzen dute sektore hau jokatzeko txartela eta orduan lortutako emaitzak ikusita ugari izango dira Esteban Arrillagak zuzentzen duen taldeko judokak.
Mutilek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, maila batean izan ezik, beste guztietan urrezko dominak lortu baitzituzten. 81 Kg. izan zen lehen postua lortu ez zuten maila bakarra, ordezkaririk ez baitzuten izan bertan. Gainerantzeko mailetan Euskadiko txapeldun izan ziren eta bi azpitxapeldun ere izan ziren. Andoni Aizpurua (-60 Kg.), Ibai Peña (-66 Kg.), Xabier Urkizu (-73 Kg.), Egoitz Mora (-90 Kg.) eta Mikel Ponga (+100 Kg.) izan ziren urrezko domina lepoan jartzea lortu zutenak. Aitzol Arrospidek (-73 Kg.) eta Josu Arrutik (+100 Kg.), berriz, 2. postuarekin konformatu behar izan zuten.
Emakumezkoek ere emaitza onak lortu zituzten Errenterian izan zuten hitzorduan. Jokoan zeuden 7 mailetatik bostetan garaipena lortu zuten Usurbil Judo Taldeko judokek. Oiana Blanco (-48 Kg.), Aiora Arrillaga (-52 Kg.), Jessica Romero (-78 Kg.) eta Mari Jose Sardon (+78 Kg.) izan ziren garaileak eta Sara Quijanok (-63 Kg.) eta Nerea Arrutik (-70 Kg.) brontzezko dominak eskuratu zituzten.
Aragoi, Nafarroa eta Errioxako judokak izango dituzte aurrez aurre igandeko Iparraldeko sektore honetan. Bertan lehen lau postuak eskuratzen dituztenek dominak jasoko dituzte, baina hori baino sari garrantzitsuagoa izango da jokoan Iruñeako borrokaldietan: 2008ko senior mailako Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera hain zuzen ere. Txapelketa hau urtarrilaren 26an jokatuko da Madriden.





