Abenduaren 3az geroztik, Soziolinguistika Klusterrean Olatz Altuna lankidea falta da bere aulkian. Eta ondoan falta zaigu guri. Orain atxilotu egin dute, eta aurretik, urte eta erdiz Madrilera astero-astero joatera behartua izan da, bere eguneroko bizitza profesionala eta pertsonala hankaz gora jarriz. Bere aldamenean urtetan zehar lan egin dugunok erabateko konbentzimendua dugu Olatz bidegabeki izan dela prozesatua, kartzelaratua eta kondenatua. Konbentzituta gaude Olatzek ez duela leporatzen zaion inolako ekintza zigorgarririk egin, eta epaiketa luze eta bidegabean zehar ere hala erakutsi da. Soziolinguistika Klusterrean ez gara abokatuak: soziologoak gara, filologoak Baina horretan ibili diren abokatuek oso argi adierazi dute. Horra Iñigo Iruin eta Ángeles López abokatuen aipu bana: Terrorismoaren kontzeptu hedakor honekin, Auzitegi Gorena «mugarik gabeko zigor zuzenbidea» sortzen ari dela ohartarazi zuen Iruinek, eta legaltasunaren printzipio funtsezkoaren oinarriak urratzen ari dela. «Zigor tipo ireki, zehaztugabe eta elastiko hauek terrorismoaren aurkako legeriaren salbuespenezko izaera hedatzen dute». (2007/02/23, Berria)
«Respecto a la Fundación Joxemi Zumalabe, resaltar que nunca creí ni que sus objetivos ni su dinámica fueran delictivos y, después del juicio, tengo la certeza. En justicia, debía haberse retirado la acusación al resto de los imputados de la Fundación y, ya que no ha sido así, confío en que el tribunal, ante la falta de prueba inculpatoria, dicte una sentencia absolutoria». (2007/02/06, Ángeles López abokatua).
Sententzia ez da absolutorioa izan. Alderantziz. Euskal Herria erreferentziatzat hartuta lan egiten duen erakunde oro espainiar epaileen mehatxupean jartzea ekarri du. Lan egiteko ikuspegi hori erabat zilegi da alde guztietatik, eta euskal herritar zein erakunde orori dei egiten diogu aukera hori babestera, norberarena izanda edo izan gabe.
Soziolinguistika Klusterrean argi dugu prozesu honetan edozein hiritarri zor zaizkion eskubideak goitik behera urratuak izan direla, eta beraz, Olatzen familiako eta ingurukoei gure elkartasuna adierazteaz bat, berehala aske utz dezaten eskatzen dugu.