
- Prestatze lan berezirik egin al duzu finalari begira?
- Neure kasa ibili naiz prestatzen. Lasai hartu dut eta intentsitate baxuko entrenamenduak egin ditut. Batez ere kontzentratzen saiatu naiz eta burua bertsotara jartzen. Paseo luzeak eman ditut hemen Zumaia inguruan burua horretara, bertsotara jartzeko. Beste urte batzuetan oso dispertso ailegatu naiz; burua gauza askotan nuela, baina aurten kontzentratuagoa nago.
- Azken-laurdenaren atarian hitz egin genuenean zenion oso kanpotik jarraitzen ari zinela txapelketa hau. Orain buru-belarri sartuta egongo zara, ezta?
- Zumaiakoa ezik, beste saiorik entzun gabe joan nintzen azken-laurdeneko hartara. Baina gurpil horretan sartuta nago jada, giro horrek bildu egiten baitzaitu. Txapelketak gero eta presentzia handiagoa du leku guztietan eta, noski, zeure buruan ere bai.
- Finalaurrekoan irabazi zenuen. Hobetzeko tarterik ikusten al duzu?
- Sentsazio hobeak izan nituen lehen saioan bigarrenean baino. Bigarrenean irabazi egin nuen eta puntu gehiago atera nituen, baina uste dut hobeto egon nintzela lehen saioan. Finalaurrekoa, oro har, saio arraroa izan zen eta pozik nago saio hotz eta arraro batean funtzionatzea lortu nuelako. Uste dut 20-30 puntu gehiago ateratzeko margena badudala eta nire onena emateko oraindik puska bat geratzen zaidala.
- Saio hura irabaztea espero al zenuen?
- Nik bertso saio oso bat ondo egin nahi nuen. Ondo baino, oso ondo. Eta ez dut uste lortu nuenik. Aldez aurretik ikusten nuen saioa irabazteko aukerak nituela eta pozik nago lortu nuelako, lehen aldia baita finalaurreko bat irabazten dudana. Momentuan ez nengoen pozik saioagatik, baina gero nire bertso-aldi guztiak ikusi nituen eta saio txukuna egin nuela uste dut.
- Aipatzen zenuen aurtengoa erreleboko edizioa zela, belaunaldi berri bat zetorrela. Adierazten zenuen hori bete al da?
- Uste dut edizio honetako tropel nagusiak erakusten duela badela hau belaunaldi berri baten txapelketa. 80 bertsolaritik 60 inguru belaunaldi berrikoak dira. Baina oso zaila da txapelketa batean sorpresak gertatzea. Beti gerta-tzen da hau. Askoz gehiago dira irristada egiten dutenak gora egiten dutenak baino. Txapelketa eliminazio karrera bat da eta finalean, azkenean, sorpresa gutxi egon da.
- Donostiako saiora begira, nola ikusten dituzu beste finalistak?
- Batzuk besteak baino gehiago ezagutzen ditut. Berri-berria bat sartu da, Beñat Gaztelumendi. Nik uste bi talde daudela, batetik lau gaude aurrez finaletan aritutakoak, Irazu, Mendiluze, Jon Martin eta ni, eta beste lau lehen aldiz final batean kantatzen dutenak. Bakoitzak aspirazio desberdinak dauzka; bakoitzak bere burua ezagutzen du eta badaki noraino iri-tsi daitekeen. Finala nahiko irekia ikusten dut eta txapela lor- tzeko hiru edo lau hautagai daudela esango nuke. Nik inoiz parte hartu dudan finalik irekiena izango da igandekoa.
- Batzuentzako nahikoa ere izango da finalean sartzea.
- Hala izan daiteke. Ahal duten gehien luzitzera joango dira ahal duten saio gehienetan. Aurrez ere Euskal Herriko edo Gipuzkoako txapelketetako finaletan egon garenok beste aspirazio batzuk ditugula uste dugu.
- Faborito garbirik gabeko finala izango dela uste duzu.
- Denon burutan zenbait bertsolari daude: Mendiluze, Irazu, Jon Martin, ni Sarriegi ere hor egon daiteke. Lehen finala du, baina beteranoa da jada eta ondo ibili da aurreko saioetan. Baina ez dut uste faborito garbirik dagoenik; finalerdietan inork ez du diferentzia handirik markatu. Eta hori polita da, aspaldian ez baita halako final irekirik bizi izan. Saioan zehar joango da definitzen zein doan txapelaren bidean eta zein gelditzen den atzean.
- Non uste duzu ibiliko zarela hobekien? Eta okerrago?
- Ez dakit. Uste duzu terreno ba-tzuk direla zuretzako seguruenak eta baliteke hor egitea huts. Euskal Herriko azken finalean, adibidez, justu ofizioka ibili nintzen ondo eta bakarka gaizki. Suposatzen zen bakarkakoa zela nire espezialitatea. Oraingo honetan bakarka sentsazio onak berreskuratu ditut eta ofizioka, oro har, txukun ibili naizela. Baina inork ez daki zer gertatu daitekeen. Kontua da denetan ondo ibiltzea eta pare bat ariketatan oso ondo. Uste dut hor dagoela gakoa, media on bat eramatea eta pare batean goitik lehertzea. Hori egiten duenak eramango du txapela.
- Illunbekoa festa bat izango da. 8.000 lagun inguru espero dira. Halako jendetza baten aurrean kantatzeak eragiten al dizue?
- Beti eragiten du, baina denoi berdin ez. Finalean izango diren batzuk ez dute inoiz 8.000 lagunen aurrean kantatu, beraz, ez dakite nola erantzungo duten. Hala ere, bertsolariok denbora gehiago pasatzen dugu gure barrura begira kanpora baino. Hasiera inpaktu horren ondoren, jarri egiten zara.
- Aurrez ere izan zara Gipuzkoako Txapelketa bateko finalean eta laugarren egin zenuen. Aurtengoa Jon Maiaren txapelketa izango al da?
- Nik beti ikusten dut nire burua kapaz, baina ez dut txapelketa batean inoiz saio bat egin erabat asebete nauena. Jada lau finaletan egon naiz, Euskal Herriko hirutan eta Gipuzkoako batean, eta Euskal Herriko lehen final hartan izan ezik -lehenengoa zelako eta horrekin jada kontentu nengoelako-, ez dut egin finalik benetan bete nauenik. Ahal dudan guztia eman dut finaletan, baina eman dezakedan dena ez dut atera. Txartel asko erosi ditut eta orain arte ez zait tokatu. Igande honetarako bosgarren txartela erosi dut eta ea tokatzen zaidan.





