
LIBURUA
Bertako bildumako bederatzigarren alea da. Honen aurretik, Koldo Mitxelenaren zinema-kritiken bilduma etorri zen, eta Barojaren Donostia.
Garai bateko Donostiaren erretratoa da liburua. Artikulu hauetako asko Irutxulo-n plazaratu ziren orain urte natzuk. Honela diote egileek hitzaurrean: «Gure leku maitagarriak senti ditzagun, gure arbasoen tradizioak, maitasunak, zorionak, sufrimenduak bizitu ditzagun 101 bazter ezezagun horiek oroituz, bisitatuz, eta ezagutuz. Bertakoekin hizketan aritzeko parada izan, jakin dezaten haietatik gatozela».
Txokoak ezagutzen lagundu aldera, auzoz auzo aurkeztu dizkizuegu lan honetako 101 bazterrak. Antzinatik datozkigun auzoetan sailkatu ditugu: Parte Zaharra, Ibaeta, Lugaritz, Amara, Loiola, Egia eta Ulia auzoetan; Donostian egon arren, herri direnetan: Altza, Igeldo eta Zubietan; eta azkenik, Urumeako mendietan duela gutxi arte Donostiarenak zirenetan, eta orain izaten jarraitzen duten barrutietan ere: Landarbaso eta Oberan.
«Aieten 40 baserri zeuden eta orain 3 gelditzen dira», esan zuten liburuaren egileek atzoko aurkezpenean. «Igeldoko baserriek, itsaso aldera ematen dutenek, bereizgarri bat dute: itsaso aldeko horma itsua da, ez dauka leihorik».
«Baserriak dira oraindik zutik gelditzen zaizkigun eraikinik zaharrenak, Donostiako monumentu preziatu izan beharko luketenak, besteak beste Lugarizko Unanue eta Zuatzu, Altzako Txipres eta Ubegi, Loiolako Patxillardegi, Zubietako Aliri eta Berridi», esan dute hitzaurrean.
Asier Agirresarobe (Añorga, 1972) Ingeniaritza ikasketak ditu eginak eta etnologiako gaietan ari da lanean. Euskal Herriko mendietan barna ihesi liburua argitaratu zuen Argia-rekin, 1999an. Josu Tellabide (Lugaritz, 1943) etnologoa da lanbidez, eta Eusko Ikaskuntza eta Aranzadi zientzia elkarteko partaide. Kale-izendegia osatzeko ikerketak egin ditu Donostiako Udalarentzat. Bi liburu ditu plazaratuak: Donostiako Toponimi erregistroa (1995) eta Usurbilgo baserriak eta baserritarrak (2004).





