
Pupila eta Puxika pailazoak ikasitako mitoei buruz ironiaz mintzatuko dira: Zein da liluratzeko, seduzitzeko era? Nork hartu beharko luke aurrea? Maitasuna ala desira? Eta baita erromantizismoari, muxuei eta leialtasunari buruz ere. Kondoiaren erabilpenaren negoziaketaren inguruan ere jolastera iristen direlarik. Asmo didaktiko argia duen ikuskizun honek, dibertimendurako, baina baita gogoetarako aukerak ere zabaldu nahi ditu.
Bestalde, Ongizatea, Emakumea eta Gizarte Politika batzorde informatzaileak emakumeen indarkeriaren aurkako adierazpena onartu zuen aho batez pasa den azaroaren 20an egindako ez-ohiko bilkuran. Gaur Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen denez, udalak salaketa egin nahi izan du eta biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartu, gure Udalerrian ere irauten duen gaitza delakoan.
«Jakin badakigu emakumeen kontrako biolentziak kontzientzia kolektiboan sakonki errotutako jokabide-eredu soziokultural batean oinarrituta dagoela».
Aurten neska nerabeen kontrako biolentziazko harremanetan jarri nahi izan dute arreta, izan ere, sektore hori sarritan ahazten dela dio arlo honetan garatzen ditugun ekimenetan udalean onartutako adierazpenak. «Gainera, azken azterketek erakusten dutenez, biolentzia sexista jasaten duten emakumeak gero eta gazteagoak dira. Biolentzia hori, besteak beste, beldurraraztearen, eraso fisikoaren edo abusuaren bidez gauzatzen da, baina baita modu finagoen bidez ere, esate baterako, isolamenduaren bidez, txantaje emozionalaren bidez, manipulazioaren bidez, erasoaren bidez, gutxietsiz eta, batez ere, biktima kontrolatuz. Metodo horiek antzematen zailagoak dira neska eta mutil gazteentzat harreman afektiboetan».
Honela, udalak konpromezua hartzen du bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktiboa, arreta berezia jarriz neska gazte eta nerabeen kontrako biolentzian.
Bestalde, gonbitea egiten die herritar guztiei, eta, bereziki, udalerriko neska eta mutilei gaur, Usurbilen eta beste herrietan antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera.





