
Azken hiru urteetan 3. mailatik Ohorezko mailara igotzea lortu duen mutilen taldeak ilusio handiz ekin dio aurtengo denboraldiko erronkari. Estatu mailako klub onenen pare egoteko aukera ez da beti izaten eta pasa den larunbateko lehenengo jardunaldian talde lehiakorra dutela argi utzi zuten usurbildarrek.
Ibai Peña eta Andoni Aizpurua (-66 Kg.), Aitzol Arrospide (-73 Kg.), Xabier Urkizu (-81 Kg.), Egoitz Mora (-90 Kg.) eta Iker Lizarribar (+90 Kg.) izan ziren lehen jardunaldi honetan Usurbil Judo Taldearen izenean lehiatu ziren judokak. Hiru norgehiagoketan arerio zailak izan zituzten, baina lan bikaina egin zuten.
Hala ere, ez zuten hasiera ona izan. Pasa den urtean Ohorezko mailan 2. postua eskuratu zuen Olimpo taldearen aurka neurtu zituzten indarrak lehenengo norgehiagokan eta 5 eta 0 galdu zuten usurbildarrek. Jokatutako bost borrokaldiak galdu zituzten eta zerbait gehiago egin zezaketenaren sentsazioarekin gelditu ziren.
Bigarren norgehiagokan, berriz, aurreko mamu guztiak uxatzea lortu zuten. Stabia taldea izan zuten aurrez aurre eta 4-0 irabazi zuten. Xabier Urkizuk berdindu egin zuen bere borrokaldian, baina beste judoka guztiek garaipena lortu zuten. Honenbestez, Ohorezko mailan lehenengo puntuak eskuratu zituen Usurbil Judo Taldeak.
Extremadurako Corpore taldearen aurkako larunbateko azken norgehiagoka, berriz, oso orekatua izan zen. Herriko judo taldeak hasiera txarra izan zuen. Andoni Aizpurua eta Aitzol Arrospidek lehen bi borrokaldiak galdu zituzten eta garaipena lortzea ezinezkoa izango zela zirudien, baina ez zen hala izan. Xabier Urkizu eta Egoitz Morak norgehiagoka berdintzea lortu zuten eta azken borrokaldian Iker Lizarribarrek usurbildarrei garaipena eman zien borrokaldia irabaztea lortu zuen. Honela bada, lortutako emaitzekin sailkapenaren goiko postuetan kokatu da herriko judo taldea.
Larunbatean aurrez aurre izan zuten Olimpo taldea eta Valencia JC dira Ohorezko ligako lehen liderrak beraien norgehiagoka guztiak irabazi ostean 6 punturekin eta usurbildarrak 6. postuan dira aurretik dituzten hiru taldeekin berdinduta 4 punturekin. Hurrengo jardunaldia 2008ko otsailaren 2an izango dute.





