
Ekitaldiak bi zati nabarmen ditu: Kale ibilaldia (18:30ean hasita) eta Ikuskizuna; lehenengo zati hori Ongi etorria eta Kale ibilaldiarena da; eta eguzkia izkuta- tzean, Jentilak, larruzko jantziekin eta zuzien argiarekin, menditik jaisten dira, eta beraiekin batera sorginak azaltzen.
Hasiera aldera, udaletxe aurrean, herriko plazan, eta alkatea buru dela, erretorea, medikua, eskribaua, Samartin Txiki eta herritarrak egoten dira. Alde bakoitzak bereari eutsi nahi, baina denak elkarren beharrean, denak ataundar. Ongi etorriaren ondoren, hasten da desfilea eta, herriko kaleetan bandoa joz, ikuskizuna egiten lekura -kiroldegira- joaten dira denak batera.
Kale ibilaldian, euskal mitologiako protagonista ugari agertzen dira: jentilak, Samartin Txiki, Basajauna, Torto, zezengorriak eta sorginak, besteak beste. Mendian bizi diren jentilak eta herriko kristauak aurrez aurre dira; batzuetan haserre, bestetzuetan adiskide.
Herria ordezkatzen dutenak ahalik eta itxurarik egokienean aurkeztu nahi izaten dira, bakoi-tza dagokion arroparekin. Garai bateko bizimoduaren erakustoki bihurtzen da desfilea.
Aurten inoiz baino jende gehiagok hartuko du parte desfile horretan. «Jende pila batek eman du izena, ehun inguruk. Izan ere horixe nahi genuen, desfilea bera indartzea eta baita ere kiroldegiko ikuskizuna», adierazi digu Jon Aizpurua kazetariak, ekimen honen sortzaileetako bat.
«Ikuskizuna bera, hasiera batean, kalean izaten zen, eta hau berez hori da, kale-antzerkia, baina, hizketaldiak ondo entzun zitezen, kiroldegira aldatzea erabaki genuen. Pena izan genuen alde batera, baina soinu aldetik nabarmen hobetu ziren gauzak», esan digu Aizpuruak.
Hona hemen aurtengo istorioa: Apaizak asko kostata elizan jarri zuen Putterriko urrea lapurtu egin dute. Nor izan da lapurra? Abadearen ustez, Mikelats jentila izan da, baina frogarik ez du. Mikelats, berriz, gaiso eta hilzorian dago. Nola jakin nor izan den lapurra? Samartin Txiki lagun-tzeko prest dago, eta Torto begi-bakarra ere bai.
Asko aldatu da antzezpen hau 1981az geroztik. «Orduan, festa hasierako aitzakia besterik ez zen, hitzaldi koskor batzuekin. Gero erabaki genuen Ataunen bildutako mito horiek azaltzea», dio Aizpuruak.







