Zinemaldiak alfonbra gorriaz estaltzen ditu hiriko hainbat espaloi. Jatetxeetan aktoreekin egin ahal duzu topo. Beraiengana hurrera zaitezke autografoa sinatzeko eskatuz, argazki bat ateraz edo, besterik gabe, «kaixo, zera... zu aktorea zara, ezta?» galdetuz. Párpados azules bukatu zenean, Ernesto Contreras zuzendariari hurreratu zitzaion emakume bat eta zera esan zion: «Pelikulan agertzen den sexu sekuentzia luze eta pasiorik gabean, nire ezkontza-gaua ikusi dut islatua». Izan ere, alfonbra gorriak horixe dauka, alfonbra magikoek bezala, ausardia ematen duela, edozein hitzi ematen dizkiela hegoak.
Richard Gere berandu iritsi zen, bisera eta txandala jantzita. Itxura arrunta, berez. Baina, alfonbraren dirdirak glamourrez bete zuen haren aurpegia eta irribarre egin zuen une berean, bere oinetara errendituta erori ziren hotelaren atarian zain zituen miresle guztiak. Alfonbra gainean dago glamourra. Ez dago dudarik.















