
- Lagun talde baten gorabeherak kontatzen dituen eleberri batekin zatoz oraingo honetan. Zer kontatu nahi izan duzu?
- Eleberriak Eibarren jaiotako lau lagunen historia kontatzen du. Adiskidetasunari egindako kantu bat dela esango nuke, baina adiskidetasuna era gogor batean ulertuta. Liburuan pertsonaien arteko lagundu beharra islatu nahi izan dut, baina ez zaie erraza gertatzen, bakoitzak bere zulo animiko pertsonala baitauka: drogena, sexu aukeraketarena, urruntasun afektiboarena... Norbera saiatzen da zulo horretatik ateratzen, eta bata besteari lagundu nahian gero eta mingarriagoa bilakatzen da harremana. Halaber, lagun hauek Zuloan deituriko musika talde baten partaideak dira, eta Eibar berez zulo bat denez metafora bat egin nahi izan dut nolabait.
- Hitzaurrean Harkaitz Canok 90ko hamarkadaren kronika dela dio.
- Bai, kronikaz dezente daukala uste dut. Eibarren hasten den eta, Bilbotik pasata, Europa zaharrera doan kronika moduko bidaia bat egiten da. Gainera, nahiz eta fikziozkoa izan, leku errealak agertzen dira, benetako pertsonaiak, kontzertu enblematikoak... Nire asmoa izan da 90ko hamarkadan nik bizi izandako errealitateari fikzio bat lotzea. Nire belaunaldiko jendea nahiko identifikatuta sentituko delakoan nago.
- Agertzen diren pertsonaiak antiheroiak direla esan liteke, ezta?
- Bai, izan ere, interesatzen zaizkidan pertsonaiak galtzaileak dira. Eskuetan mapak-eko protagonista guztiak oso kontraesankorrak dira, baztertuak, desorekatuak... Alabaina, pertsonaiak zulotik ateratzen saiatzen direnean eboluzio bat ikusten da.- Margotzen duzun giroa nahiko tristea da, baina samurtasun asko ere islatzen dela iruditzen zait...
- Bai, nik ere oso samurra dela esango nuke. Alde batetik oso paisaia grisa islatu nahi izan dut. 90. hamarkada aldaketez beteriko garai bat izan zen, herri eta hirien estetika aldatzen joan zen, eta liburuan erretratatzen da aldaketa hori. Agertzen da husturiko etxez betetako Eibar krudel bat, Bilboko auzo konkretu bat eta Europa zaharra ere bai. Aldaketa hori guztia taldearen furgoiak egindako bidaiaren bidez azaltzen da. Bestalde, nahi nuena ez zen sexu, droga eta rock and rollez betetako eleberri bat idatzi -gai hori agertzen bada ere- baina interesatzen zi-tzaidana zen, samurtasunez jokatuz, azaltzea nola saiatzen diren protagonistak zulotik ateratzen. Esaterako, ez da agertzen sexu gordineko pasarterik... Nik esango nuke erromantizismo krudel batekin jolastu izan dudala.
- Orain gutxi Picassoren zaldia olerki liburua argitara eman duzu. Zein da ezberdintasuna bi liburu hauen artean?
- Picassoren zaldia olerki liburu bat denez oso desberdina da, baina han agertzen den pertsonaia ere kontraesanez beterikoa da, berak dituen sentimendu asko Aitorrek, eleberriko protagonistak, ere baditu. Eskuetan mapak ariketa baten antzera planteatu dut, argazki zaharrak hartu eta desitxuratu ditut. Beharrezkoa gertatzen zitzaidan ariketa hori egitea, etapa batekin amaitu nahi bainuen. Izan ere, 32 urte bete ditut eta beste fase batera pasatzeko garai iritsi dela uste dut.
- Literaturan aritzeaz gain, musikan ere ibilia zara. Adierazteko beharrik-edo?
- Beno, alde batetik, aspalditik sentitzen dut euskaraz adierazteko beharra, euskararekiko militan-tzia bat daukadala esan daiteke. Bestetik, barruan daukadana azaleratzeko premia ere sumatzen dut.
- Zeintzuk bultzatuta hasi zinen?
- Itoiz izan zen harritu ninduen lehenengoa, musikalki baina baita euren idazteko erari zegokienez ere. Ezekiel diskoarekin margo- tzen zuen mundu horrek pila bat erakartzen ninduen.
- Eta egun zer gustatzen zaizu?
- Musikan harritzen naute azkenaldian ateratzen ari diren Berri Txarrak edo Kauta bezalako taldeek. Saltzea ikaragarri zaila denean eta dena asmatuta dagoenean izugarrizko meritua daukatela iruditzen zait. Literaturan José Saramago birdeskubritzen ari naiz azken bolada honetan.





