
«Oso baldintza txarretan zeuden hiru eskolak. Eraikin aurrefabrikatuak, zuloz beteriko jolastokiak, material didaktiko falta izugarria...». Horiei ahal zen neurrian lagundu ahal izateko erabaki zuten senidetzea. Bestalde, Iparraldearen ezagutza bultzatzeko aukera bikaina zela ikusi zuten; izan ere, «nahiz eta familia berekoak izan -euskaldunak- muga dago gure artean; Irunen edo, asko jota, Hendaian», azaldu du senidetza proiektuaren arduradunak.
Iazko urrian Oztibarreko ikastolak eta Manex Erdozaintzi Etxart kolegioak eraikin berriak altxatzeari ekin zioten, Oztibarreko bailaran dagoen Larzabal herriko eremu batean. Seaskak hartu zituen bere gain eraikitze-lanei dagozkien gastuak, baina altzariak, pedagogia materialak, ordenagailuak eta abar ikastetxeen esku daude. Dirutza hori eskuratzeko hainbat egitasmo prestatu dituzte: esaterako, gaur Lasarte-Orian ospatuko den 'Landa milaka pago... eta euskara biziago!' musika jaialdia.
Landaberri ikastolako Guraso Elkarteak Lasarte-Oriako Udalaren eta Usurbilgo Nafartarrak elkartearen laguntzaz antolatu duen emanaldiak helburutzat izango du, baita ere, euskarari eta euskal kulturari bultzada ematea. Horrela, goi mailako hainbat musikarik parte hartuko dute gaur gauean Manuel Lekuona kultur etxean eskainiko duten saioan, 22:30etik aurrera.
Goi mailako kartela
Alde batetik, Bidaia bikotea, Mixel Ducauk eta Caroline Philipsek osatua, egongo da borondatezko partaideen artean. Ducau ezaguna da Anje Duhalderekin batera euskal rockaren aitzindarietakoa den Errobi taldea osatzeagatik eta Joseba Tapiarekin Zaldibobo taldean parte hartzeagatik. Philips, aldiz, jatorri greko-iraniarra duen estatu batuar abeslaria, musikagilea eta sanfonista da.
Joseba Tapia trikitilari lasarte-oriarrak ere parte hartuko du jaialdian eta Amalur taldeko hogeita hamar trikitilari eta panderojoleek ere beren tartea izango dute. Herriko partaideez gain, beste bi talde izango dira emanaldian: Jean Louis 'Laka' eta Baigorri Kantuz taldeko abeslariak eta Usurbilgo Txalapartariak.
Sarrera dohainik izango da, baina aipatu bi ikastetxeentzako diru-laguntzak bildu asmoz, bonoak jarriko dira salgai irteeran.
Antolatzaileak adierazi dutenez, iparraldeko haurrak hasi dira dagoeneko «pozik eta ilusioz beterik ikasten», baina urriaren 13an ospatuko dute eraikin berrien estreinaldi ofiziala.





