'Landa milaka pago... eta euskara biziago!' kanpainaren izena ez da esaldi hutsa; izan ere, pagoa da ekimenaren oinarria. Dirutza horri aurre egiten lagundu nahi dutenek pago bat edo gehiago eros ditzakete eta, nahi izanez gero, Arbailetako basoan landatuko dituzte eroslearen izenarekin. «Euskararen oihana» sortzea da helburua, eta bide batez, «basoa birlandatzea, zuhaitz asko moztu baitituzte», azaldu du Maite Goizuetak.
Berrikuntza hauek direla eta antolatu diren ekimenez gain, urteak daramatzate Landaberrirekin anaituta dauden hiru ikastetxeak laguntzak lortu nahian. Eta herriko ikastolatik behin baino gehiagotan bidali izan dituzte herritarren artean bildutako materialak. Duela bi urte, adibidez, mila liburutik gora bidali zituzten Donibaneko ikastetxeko liburutegi hutsa hornitzeko.