
Zenbait elkarrizketa, zenbait ateraldi, zenbait esaldi umoretsu badira bizitzan zear noiznai aipa-tzeko modukoak diranak. Eta lekurik izan ezkero, iñori min emateko asmorik gabe, zergatik ez aipatu? Gure itzezko jolasak dira. Eta gure euskera zaarraren itzezko jolasak maiz egin bear genituzke.
Askotan, lotsak edo ikarak galerazten digu itzezko jolasak irakurleei eskeintzea. Jendeak zer esango du? Eta norbaiti gaizki iruditzen bazaio? Uts egingo ote det? Badakigu nolanai ezin gerala jardun idazten. Badakigu irakurleei errespetua zor diegula. Eta saiatuko gera orretan.
Sasoi ederra nuen, bai, orain berrogeita bost urte, ogeita bat urterekin Azpeitira zerra-lanetara joan nintzanean, eta Markox ezagutu. Beraz, garai aietatik asita jarraituko det.
Azpeitian. Azpeitian, astearte guztietan azoka egiten da; ederra, gaiñera. Ni an bizi nintzanean ere egiten zan. Leku askotatik etor-tzen ziran azokara.
Joan berria nintzan ni Azpeitira. Eliz kalean nengoen bizitzen, esaten dan bezala apopillo, familia jator batean. Ni bezelaxe aiarrak ziran nagusi Markox eta etxekoandre Manoli, beren lau seme-alabekin: Manueltxo, Pedro Mari, Koro eta Mari Jose. Ni ere artu ninduten. Enbarazu bat geiago. Neure etxean ez nengoenik ez nuen pentsatu egundo.
Azoka-egun batean, Markoxek bazkalondoan esan zidan:
-Zer? Gaur erdi-jai da-eta, plaza aldetik joan-etorri bat egingo al degu? Ea azoka amaitu dan edo.
-Bai, goazen.
Markox ura naiko itz-egokia da. Adi-adi jarraitzen diona elkarrizketari. Eta nun egin duen topo aspaldian elkar ikusi gabeko beste aiar batekin.
-Kaixo, motel.
Eta:
-Kaixo, motel.
Elkarri eldualdi bat eman zioten. Ni begira eta entzuten, kontu mordo bat esan zuten.
-Bueno, i, Markox. Ondo segi eta berriz ere ea elkar ikusten dugun. Presaka nauk; iruretako trena arrapatu bear diat-eta.
-Eta nola eraman bear dek? Ez nitxakian ain lapurra intzanik.
* * *
Markox, pezeta gorriak baliorik gabe geratu ziran ondoren artan, joan da Loiolara mezetara, amar duroren pezeta gorriekin. Ez omen zan jende asko.
Eskearen zakua eskuetara eldu zitzaionean, ingurura begiratu eta, prast, zakura berrogeita amar rubia.
Metro eta erdira, moja bat. Andik zortzi bat metrotara, urrengo gertuen zeudenak. «Orain zer egingo diat zakuarekin? Mojak ez ditek dirurik botatzen Beste aietara nik eraman? Ezta pentsatu ere». Eta mojari luzatu zion zakua.
Altza, eta an joan omen zan moja urrengo aulkikoei zakua eramatera, buruari eragiñaz, errespetu ederrarekin.
Ollolarreren iru ateraldi. Ollolarreren ateraldi dotorerik ere kontatzen zidan Markoxek. Izan ere, oso bertsozalea da Markox. Txar bat ere kantatzeko tajurik gabea baiña. Zer egingo diozu.
Eta bertsozalea dana, itz-joko politen zale oi da. Eta Markoxek zioenez, Ollolarre Zaarra oso iztun egokia omen zan, eta artzai dexentea ere bai. Ollolarre baserria Azpeitiko Urrestilla auzoan omen dago.
Nik ez dakit nor zan Ollolarre; ezta ere bere familia. Baiña zoriontzen ditut bere ondorengoak, aitona ain itz-erosoa zutelako.
* * *
Beingo batean, beintzat, bere ardiekin etxe aldera zetorrela, zearbidean egundoko loia eta lokatza omen zegoen. Eta ardi erkiñen bat loitan sartuta bertan gelditu, eta ez zala aterako. Ollalarre, antxe begira: «Orain ere badiat lana».
Auzokoren bat pasadizoan, eta ala galdetu omen zion adarra jo-tzearren:
-Zer, Ollolarre. Zer degu: zeziña?
-Ez, ba. Ardi xaarraren eziña. Zuk ere probatuko zenuen, artzaia baziña.
Ederra, e?
* * *
Ollolarren ere soro danak ez ziran izango egokiak, gure etxean bezela. Soroetako batean, arkaitz edo aitz-konkor bat omen zan. Eta uraxe kendu bear zutela-eta, egun batean an ari zala barrarekin aitz-mutur ura austen, Aratz-Erreka aldetik Urrestilla aldera zetorren batek ala esan omen zion:
-Zer, Ollolarre, soroan ere aitza?
-Bai. Onetxek ekartzen dio laboreari gaitza.
-Orduan, ori or dagoen arte alperrik zabiltza.
-Bai. Baiña orain kentzeko idean gabiltza.
* * *
Nik iru bertso auek eskeintzen dizkiot gizon baliotsu ari.
Naiz eta ardi xaarra
zapla sartu loitan,
artzai buru-azkarrak
badirade goitan.
Nabarmen samar dago
ateraldi oitan:
Ollolarre dotore
beti arrazoitan.
Zentzuz eta izketan
berezko abilla,
ez zan urrun joango
erantzunen billa.
Zabaldu ordurako
ao-leiatilla,
ate guztientzako
zeukan maratilla.
Itxuraz naiz ta izan
artzaien antzeko,
ark bere izatea
ez zeukan saltzeko.
Bi Pernando bear ziran
izketan austeko,
Ollolarre zarrari
adarra jotzeko.
* * *
Garai aietan, norbaitzuk ezkontzen ziranean, eztaiak izaten ziran, egun bat edo bi.
Andregaiaren etxetik idiz eta gurdiz eramaten ziran, bera ezkontzen zan etxera, neskatxaren gauzak. Karraioketa ari arriua deitzen zitzaion.
Ollolarreri ere alabaren bat ezkontzen, alegia, eta gurdika dotorea eraman omen zuen alaba ezkontzen zitzaion etxera. Etxe-atarira iritsi zanean, auzokoak eta abar, lagun batzuk omen zeuden kontu kontari. Eta ala esan diote:
-Ollolarre, orain ere neska bat gutxiago badezue barriuan.
-Bai. Emen jardun nauk karriuan. Trasteak ekarri zizkioat arriuan. Auxe egin arte larri uan.
Ollolarre nundikan,
olerkia an zan.
Arriua eraman
zuen konfiantzan.
Ez dakit oso ona
ote zan itzantzan.
Izlari egokia
beinepein izan zan.
Leengo lepotik burua. Markox eta familia bisitatzera, urtean bi edo iru aldiz joaten naiz, kontu zaarrei arrotu bat eman-eta. Ber-tsopaper zaar pilla ere bazuen Markoxek. Leengo urtean ala esan zidan:
-Niko, atzaparkada bat bertsopaper zaar or dabilkit bueltaka, eta zaarren auek naiago nuke emango balizkiozu Antonio Zavalari. Eta bastoitxo au ere bai, oroigarri bezela.
Markoxek esanda bezela agindua bete nuen. Antoniok ala esan zuen:
-Kontxo! Nik ezagutzen ez ditudanak ere azaltzen dira emen.
Antonioren esker ona itzuli nion Markoxi.
Jubilatu zan ezkeroztik, artisautza-lanak egiten luzaro jarraitu du Markoxek. Badauka makilla ederrik. Bera oartu gabe bat arrapatuko banio, urrengo bisitan...
Leengo San Markos egunean egin nion azkeneko bisita. Dexente izorratuta dago, baiña badauka umorea. Gurpildun sillatxo batean dabilkite.
Ortarako, bere etxean jo nuen txiliña, eta iñor ez. Batek esan zidan.
-Zaarren egoitzara joaten dira kartetan jokatzera.
Joan nintzan, eta antxe aurkitu. Agurtu nituen, ba, eta:
-Dirua jokatzen al dezu kartetan?
-Dirua, dirua..., emen ez dauka iñork dirurik, gizona. Emen, nere gurpil ondoan, neure esku txangotik erorita amar xentimokoren bat egon leike, baiña beste iñork ez. Zer uste dezu: dirua edozein eskutan izaten dala? Eta eskerrak, gaiñera, dirurik gabe gabiltzan. Bestela, gerra bizia edukiko genuke emen. Eta pakea bear degu emendik aurrera. Dirua arriskutsua da denbora-pasako leku auetan.
Onela begiratu denera eta, keiñu bat egiñaz, belarrira isillean zerbait esatera urbildu zitzaidan:
-Emen bazeudek, motel, Infernuko Txikito baiño biurriagoak. Jar ezak dirua auen tartean.
Eta ja, ja, ja berak.
-Niko. Au txantxa uan, e? Ez iok esan iñori. Bestela, akabatuko ni-txioek.
-Ez, ez. Lasai, gizona. Nik, isillean eta konfiantzan esandakoak, isillean gordetzen ditut.
Orain ere, Markoxek leengo lepotik dauka burua.





