
Herenegun egindako mahai- -inguruan ez zen garbi gelditu Txapelketa Nagusia egitekotan nolakoa behar lukeen, baina Imanol Urkizu panderojolea eta Koldo Iparragirre garbi agertu ziren egitearen alde. «Nik, txapelketa, festa moduan ikusten dut, ikusleentzako festa moduan, eta nahi duenak hartzen du parte, besterik gabe; azken batean, izango li-tzateke jaialdi bat sari batekin», esan zuen Urkizuk.
Txapelketetan sarri jardundako Koldo Iparragirre soinujoleak, berriz, esan zuen ezagunak ez diren trikitilariek txapelketa dutela ezagun bihurtzeko bide bakarra, eta gaineratu lagun asko daudela izena emango luketenak. «Txapelketa garaian nik bi ordu eta erdiko entseguak egiten nituen; orain, nire ikasleek hogei minutu besterik ez dute jotzen etxean, eta gauzak horrela maila asko jaisten ari da. Alde horre-tatik, txapelketak horixe lagunduko lukeela».
Herenegungo mahai-inguru horretako beste partaidea Oier Araolaza dantzaria zen. Honek ez zion txapelketari batere alde onik ikusten, eta ekitaldi masiboen aurrean fedegutxiko agertu zen. «Trikitixaren mundua osasuntsu egoteko beharrezko da 7.000 laguneko aretoa bete-tzea? Ez dut uste. Modu naturalagoan bizi behar luke trikitixak», esan zuen.
Entzuleen artean Patxi Mujika zegoen, aspaldi berekasa hainbat bertso- eta trikiti-saio grabatutakoa, meritu handiko lana egindakoa. Sutsu mintzatu zen txapelketen alde: «Txapelketa antola-tzen bada, orduan jende asko joaten da, eta oso interesatuta. Eta txapelketa oso aukera ona da trikitilñari ezezagunarentzat. Artista ezagunari ez zaiola komeni? Konforme; ba ez joatea». Eta argudio hori entzunda, Urkizuk gaineratu zuen 1985 eta 86ko txapelketen ondoren jaialdi-gorakada etorri zela, eta Orion panderojole-jaialdia egitera ausartu zirela, arrakasta handiz.
Han zen eserita, entzuleen erdian, Joseba Tapia puntako trikitilaria. Honek ere jardun zuen tarteka, eta beti txapelketa antolatzearen kontra. Aurreikuspen hau ere egin zuen: «Masiboa izango bada, morboa eduki behar du txapelketak. Baina utopia da Tapia eta Junkerarekin txapelketa bat antolatu nahi izatea. Gauza tristea izango litzateke txapelketa, txistularien txapelketak tristeak diren bezala. Egin dezakegu probatu; eta porrotaren ostean esan: ya está, probatu dugu».
Joseba Tapiak aurreko egunean egin zuen hitzaldi formala, eta oso kritiko agertu txapelketarekiko. Ibilbide luzeko musikari honen ustez, «artistikoki atzerapauso handia da txapelketa, nork bere bidea hartzea galarazten baitu». Kirol itxura omen du txapelketa «eta artea ez da kirola, ez da hala baloratzen».
Tapiari «inbidia» ematen omen dio Bertsozale Elkarteak: «Gu, aldiz, batzar nagusia egiten dugunean hogei bat lagun biltzen gara».
Moderatzailea, Koldo Tapia, saiatu zen Txapelketa Nagusi baten ezaugarriak finkatuta geldi zitezen mahai-inguru horretan, baina ez zuen horrelakorik lortu. Aspaldiko zalantzak -horrenbeste polemika eragin duenak- hor dirau: zer neurtu behar da txapelketan, jotzaileen abilezia ala sormena? Gauza bat behintzat garbi dago: egitekotan, ez da egingo trikitilariak baserritar jantzita daudela. Gauzak asko aldatu dira.
1991n ospatu zen azken aldiz Euskadiko Trikitixa Txapelketa. Ordurako, gazte batzuek bizkarra emana zioten. Esteban Larrañagak, antolatzaile nagusiak, esana zuen 1990ean: «Bi txapelketa antolatu behar badira antolatu egingo ditugu. Bata, estilo zaharrari eutsiz (...) piezen baremo modura. Bestea, pertsonaren abildadea eta digitalizazioa erakusteko».





