
Festen lehen egunean, abuztuaren 4ean, Gazteen Eguna ospatuko da, goizetik hasita gaueraino: XIV. Goitibehera Lasterketa, Koadrilen arteko Herri Kirolen IV. Olinpiadak, gazteen herri bazkaria, Txeruko haurren danborrada, erraldoi eta buruhandiak eta gauean kontzertuak izango dira, besteak beste.
Egun honetan Udalak gauerditik goizeko 3.00ak arte frontoian postu bat jarriko du nahi duenak bere alkoholemia tasa ezagutu dezan. Ekimen hau Udalak antolatu du, Drogomenpekotasun Programarekin lotuta, Eusko Juarlaritzaren laguntzarekin. Abuzutaren 5ean Kuadrilen Eguna izango da. Egun honetan Koadrilen Arteko XI. Marmitako Txapelketa, Arrantzaleen Meza, Karmengo Amabirjinaren prozesioa eta Itsas Bedeinkapena, arrantzale zaharren omenaldia, kuadrilen arteko herri bazkaria marmitakoarekin, aparraren festa eta musika eta dantzaldiak goiz aldera arte eta txokolatada izango dira. Lehenago, gauerdian, ikurriñaren igoeran Musika Bandak eta Abesbatzak hartuko dute parte.
Abuztuaren 6an, Salbatore Deunaren egunean, ekitaldiak instituzionalagoak izango dira. Bertan aipagarrienak Alkate Soinua Musika Bandarekin, udalbatza eta herritarrak prozesioan elizara joanez, alkatearen ohorezko aurreskua... Bestelakoak ere izango dira egun honetako egitarauan, hala nola Getariako Musika Bandaren kontzertua, Sebastian Lizaso eta Andoni Egañaren bertso saioa balkoitik balkoira, Salbatore Deunaren X. Pilota Txapelketaren finalak, haur berbena, su arifizialak eta Txeruko dantza taldearen emanaldia.
Abuztuaren 7an Elkanoren Lehorreratzea izango dugu. Honetaz gain, egun horretan kale animazioa egongo da goiz eta arra-tsaldez, eta iluntzean dantzaldi eta disko jaia. Azkenik, abuztuaren 8an Arrantzaleen Eguna ospatuko da. Eusko Labeldun bi produktu dastatu ahal izango dira egun honetan. Batetik, goizean atun-jana egingo da, honekin batera sagardo dastaketa izango delarik, eta bestetik, arratsaldean egun guztian zehar burruntzian erretako txahalaren pintxo dastaketa eskeiniko da.
Honetaz gain, goiz eta arratsaldez haur parkea egongo da plaza eta frontoian puzgarri, rokodromo, ludoteka eta bestelakoekin, eta iluntzean moilan ur-jolasak egingo dira, gaueko 00:00etan bandera jeitsierarekin jaiei amaiera emateko. Udaletik herritarrak animatu nahi dira egun honetan, arrantzalez jan- tzita atera daitezen eguna giro-tzeko.
Elan Euskadi
Getariako Elan Euskadi ONGD-GGKE gobernuz kanpoko erakundeak bilera irekia egingo du gaur arratsaldeko 19:30etan Elkano Kalean duen lokalean. Getariako Elan Euskaditik gonbitea luzatu nahi dute, nahi duten herritar guztiak bertaratu daitezen.





